San Fermin Txiki Eguna egingo dute eguenean

elgoibarren.net 2011ko uzt. 5a, 10:01

 
San Fermin Txiki Eguna antolatu du Atxutxiamaikak San Fermin Egunerako (uztailak 7). Elgoibarko umeek pregoia irakurri, sainduari salbea abestu eta Atxutxiamaika ganadutegiko zezenen aurrean antxitxika egiteko aukera izango dute, 10:00etatik aurrera. Bestalde, urtero legez, Kultur Etxeko hitzaldi gelako pantaila handian zuzenean jarraitu ahal izango dira Iruñeako entzierroen zuzeneko emanaldiak.



 Iruñera joan beharrik gabe, herrian bertan San Fermin festez gozatzeko aukera izango dute Elgoibarko umeek Atxutxiamaikaren eskutik. Eguenean, uztailaren 7an, zuriz jantzita eta zazpi gorriarekin Plaza Handian agertzea besterik ez dute San Fermin Txiki Eguna bizi nahi dutenek. Hona hemen egitaraua:
  • 10:00-10:30 Pregoia irakurri nahi duten haurrek aukera izango dute zozketa batean parte hartzeko.
  • 10:30 Pregoia irakurri eta entzierroa hasiko da.
  • 11:30 Bederatzi urtera artekoek ponietan ibiltzeko aukera izango dute eta helduagoek zezen mekanikoan gozatzeko aukera izango dute. Aurtengoan ere, adin-tarte honek puzgarrietan ibiltzeko aukera izango du.
  • 12:30 Txorizoa banatuko dute.
Bideoa: 2010eko San Fermin Txiki Eguna.
{youtube}o-pxjGcg_Iw&feature=player_embedded{/youtube}
Entzierroak pantaila handian
 Uztailaren 7an San Fermin Jaiak hasten direnez, aurreko urtetan bezala, Kultura Sailak, Kultur Etxeko hitzaldi gelan duen pantaila handian, egunero goizeko 8:00etan entzierroen emanaldi zuzena ikusteko aukera izango dela jakinarazi nahi du.