Atxutxiamaika aisialdi taldeko koordinatzaileak, Naiara Martinek, jakinarazitakoaren arabera, udaleku ireki zein itxietan parte hartzeko deialdiak arrakasta handia eduki du, beste behin ere, aurten. "Leku faltagatik kanpoan edo itxaron zerrendan geratu behar izan da jendea", azaldu du. Udaleku itxietan bi txanda egingo dituzte, uztailaren 11tik 17ra eta uztailaren 23tik abuztuaren 1era bitartean, hain zuzen ere. Koordinatzaile bat, sei hezitzaile, praktiketan dauden hiru lagun eta lau sukaldari arduratuko dira udaleku itxiez.
Udaleku irekietara joaten diren umeak Herri Eskolako jolaslekua erabiltzen dute elkargunetzat, baina herriko hainbat txokotara egiten dituzte irteerak: Azkue-San Rokeko ermitara (beheko argazkietan), Mintxetara, Madalako parkera, e.a. Gainera, astean behin egun osoko irteerak egiten dituzte handienek (5-8 urte bitartekoek). Urtean zehar ikastetxeetan ohituta dauden dinamiketatik aldentzen saiatzen direla azaldu du Martinek. "Denbora libreaz gozatzeko hainbat modu erakusten dizkiegu: Ur jolasak batzuetan, tailerrak besteetan, antzerkia, abesti jolasak eta beste hainbat gauza".