Eskualdeko eta Gipuzkoako talde erreferentea izatea da Debabarrena Areto Futbol klubaren helburu nagusia, eta horretarako, zuzendaritza berria eta entrenatzaile talde profesionala prestatu dute. Debabarrenako arduradunek gaztetxoak erakarri nahi dituzte areto futbolean jokatzera, zailtasunak dituzte-eta arlo horretan.
Maila igoera lortu ostean, Bigarren B mailan jokatuko du lehen taldeak (Concepto Createch), eta Gipuzkoako talde bakarra izango da maila horretan. Lehen Maila eta Bigarren Maila bakarrik daude gorago. Zierbana (Bizkaia) eta Atenea (Araba) taldeekin batera hiru euskal talde puntakoetako bat izango da, hortaz, Debabarrena. Talde askok jokalari atzerritarrak dauzkate maila horretan eta mailari eustea ez da erronka erraza izango. Helburu handiagoak dituzte, hala ere, klubeko arduradunek eta oraindik gehiago haztea nahi dute. Horretarako, zuzendaritza taldearen egitura aldatu dute eta horien dedikazioa ia erabatekoa izan dadila nahi dute. Azken bi denboraldietan 75.000 euroren bueltan ibili den aurrekontua handitzeko beharraz ere berba egin zuten klubeko ordezkariek. Mailaz igotzea lortuz gero klubaren egitura profesionalizatu beharko dutela uste dute.
Etorkizunari begira, eta areto futbola sendotzeko, bestalde, Elgoibarko kiroldegi berria oinarrizko elementua izango dela aipatu zuten. Izan ere, Elgoibar izango da klubaren egoitza, eta Udalarekin elkarlanerako bideak prestatu dituzte.
Etorkizunari begira, eta areto futbola sendotzeko, bestalde, Elgoibarko kiroldegi berria oinarrizko elementua izango dela aipatu zuten. Izan ere, Elgoibar izango da klubaren egoitza, eta Udalarekin elkarlanerako bideak prestatu dituzte.
•1989an hasitako bidea
Debabarrena Areto Futbol kluba orain dela 23 urte sortu zuten, CD San Pedro izenarekin. Eibarren (Eibarsala) eta Ermuan (Santixauak) taldeak sortu zituen gero klubak, baina indarrak talde bakar batean batzea eraginkorragoa zela ondorioztatu zuten, eta, harrezkero, bailarako izaera izan du klubak. 1999-99 denboraldian txapeldunorde izan ziren Espainiako Txapelketan, baina, lorpenik handiena 2002-2003 denboraldian Nazional A mailan jokatu zutenean eskuratu zuten, eta aurten berriz lortu dute igoera -datorren denboraldian izenez aldatu eta Bigarren B Maila izenaz ezagutuko da maila hori-.