Flysch Trail lasterketa: Gotzon Zulaikak bigarren garaipena lortu du, 23 urtez azpikoetan

elgoibarren.net 2011ko uzt. 11a, 13:50

Gotzon Zulaika mendaroarrak irabazi du, bigarren urtez jarraian, III. Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketa, 23 urtez azpikoetan. Euriak bideak lokaztu zituen arren, 431 korrikalari izan ziren ibilbidea amaitzeko gai. Azkarrenak Aitor Osa eta Ana Conde izan ziren. Zenbait elgoibartarrek ere parte hartu zuten. Lasterketa abiatu aurretik, bestalde, omenaldia jaso zuten Josune Bereziartuk, Rikar Otegik eta Pako Iriondok.

Aitor Osak eta Ana Condek irabazi dute III. Zumaia Flysch Trail lasterketa. Aurreko bi urteetan hirugarren eta bigarren izan ondoren, garaipena lortu du azkenean Aitor Osa itziartarrak. Ana Conde, bere aldetik, iazko garaipenari segida emateko gauza izan da. 23 urtez azpikoetan ere iazko garaipena errepikatu du Gotzon Zulaika mendaroarrak. Informazio osoagoa: zumaiaflyschtrail.com
Elgoibartarren sailkapena (postua/izen-abizenak/denbora)
  • 24. Xabier Bergaretxe (2:40:51)
  • 315. Ignacio Perez (3:33:30)
  • 173. Josu Mendikute (3:12:21)
*Sailkapen osoa
*Elgoibartarren sailkapena ez da behin betiko
 
Pako Iriondori omenaldia
Urtero mendiari lotutako kirolariak omentzea da Flysch Trail lasterketako antolatzaileen helburuetako bat. 2009an Patxi Usobiaga eskalatzaileak jaso zuen omenaldia; iaz Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Izagirre omendu zituzten. Aurten berriz, Josune Bereziartu eta Rikar Otegi eskalatzaileek, eta Pako Iriondo Euskal Mendi Federazioko Ohorezko Presidenteak jaso dute omenaldia. Proba hasi aurretik ohorezko aurreskua dantzatu zieten hirurei, Pako Iriondok zinta moztu eta Keixetaren eskultura berezi bana jaso zuten.
Elgoibartarrak hunkituta jaso zuen zumaiarren errekonozimendua eta lasterketaren antolatzaileak goraipatu zituen: “Leku gutxitan aurki daiteke horrelako lan talde bat. Zorionak eman behar dizkizuet. Mendi handien magalean dauden herrietan errazagoa da horrelako lasterketak antolatzea. Zumaia ez dago Aizkorriren ondoan, baina mendi lasterketa bikaina antolatzen duzue. Gauzak ondo egiten dituenari lagundu egin behar zaio, eta talde honek goraipamen guztiak merezi ditu”, azaldu zuen Iriondok.

1706638832675 Flysch Trail lasterketa: Gotzon Zulaikak bigarren garaipena lortu du, 23 urtez azpikoe

1706638832763 Flysch Trail lasterketa: Gotzon Zulaikak bigarren garaipena lortu du, 23 urtez azpikoe

 
•Argazkiak: (Distira argazki elkartea)

Josu Mendikute, 432. dortsalarekin.

Ignacio Perez taldea gidatuz.

Gotzon Zulaika.

Zulaika, helmuga zeharkatzen.

Xabier Bergaretxe helmugara iristen.