Lau lagun atxilotu dituzte enpresa batean metalezko piezak ostea egotzita

elgoibarren.net 2011ko uzt. 12a, 13:18

 
Ertzaintzak lau lagun atxilotu zituen bart Elgoibarren Arriaga industriaguneko (ondoko argazkian) enpresa batean metalezko piezak ostea egotzita. Atxilotuetako bi, gainera, adingabekoak dira; 15 urtekoa bata eta 16 urtekoa bestea, hain zuzen ere.



 Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak jakinarazitakoaren arabera, tailerreko atea indarrez ireki eta barrura sartu ziren ustezko lapurrak. Metalezko zenbait pieza ostu eta euren kotxean sartu zituzten gero. Goizaldeko laurak pasatxo zirenean jaso zuen Ertzaintzak lapurretan ari zirenaren abisua. Ertzaintzako agenteak enpresara bertaratu eta enpresa kanpoan aparkatuta zegoen auto barruan lau gizonezko atzeman zituzten. Nor ziren eta zertan ari ziren galdezka hasi zirenean metalezko pieza susmagarri batzuk topatu zituzten auto barruan. Pieza horiek ondoko tailerretik lapurtuak izan zirela  egiaztatu zuten ertzaintzako agenteek, eta atea indarrez ireki zutela ere egiaztatu zuten. Lau lagunak atxilotu zituzten orduan, metalezko piezak indarkeria erabiliz ostea egotzita. Oso gazteak dira atxilotutako lau lagunak. 22 urte ditu zaharrenak eta euretako bi adingabekoak dira.
 
Lotura duten albisteak: