Haitin milaka hildako eta suntsipena eragin zituen azken lurrikararen eraginak, bertatik bertara, ezagutu eta argazkietan jaso nahi zituen Edu Arrillagak. Intermon Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundeak, baina, Haitira ez joatea gomendatu zion argazkilari elgoibartarrari; une egokiena ez zela argudiatuz.
Hala eta guztiz, Haitirekin mugan dagoen Dominikar Errepublikako El Cabral herrira joatea erabaki zuen Arrillagak. Azken urteetan makina bat bider bidaiatu du argazkilariak Dominikar Errepublikara eta El Cabral-eko bizilagunen artean ezaguna da oso. Hara heldu zenean, iazko Aste Santuan, inauteri antzerako jaialdi batekin egin zuen topo. Haitiko mugatik oso gertu dago El Cabral (Barahona probintzian), eta auzokoen atsekabearekin bat egin nahirik, errealismo biziz irudikatu zuten dominikarrek haitiarrek jasan behar izan zuten lurrikara itzela. Arrillagak maisuki jaso zituen han ikusitakoak bere argazki kamerarekin. Juan Bartolome argazki lehiaketako epaimahaikideek hirugarren sariarekin saritu dute elgoibartarrak lehiaketaren estreinako ediziora aurkeztu zuen argazki sorta. 1.000 euro poltsikoratu ditu Arrillagak. Peruko Musuk Nolte argazkilariak irabazi du lehen saria (2.000 euro) eta Zaragozako Diego Ibarrak bigarren saria.
- Ikusi hemen: Lehiaketaren inguruko informazio osoa eta saritutako argazkiak (www.aecid.es)