Sigma auzorako bide berria erabiltzeko moduan dago

elgoibarren.net 2011ko uzt. 14a, 13:09

 
Eguaztenean inauguratu zuten Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako agintariek Olasogain (Sigma) inguruneko bide berriaren bigarren fasea. Obra horri esker, Sigma auzorako sarrera-irteera arinduko da, eta eskolako autobusarentzako maniobrak erraztuko dira. Egin duten aparkaleku berrian, gainera, 41 autorentzako lekua dago.



Olasoko rotondatik hasten da Sigma auzorako sarbide berria.

Sukia enpresak burutu ditu obrak, eta 813.000 euroko aurrekontua izan du. Udalak kostuaren %40a jarri du, eta gainerako %60a Eusko Jaurlaritzak jarri du. Joan den maiatzean hasi zituzten bide berria egiteko lanak, eta sei metroko zabalera eta 150 metroko luzera dauka. Horrez gain, oinezkoentzako espaloiak jarri dituzte, bata bi metrokoa eta bestea, metro batekoa. Momentuz, Sigma auzoko etxebizitza pareraino ailegatzen da egin duten bide berria. Aurrerago, aurrekonturik badago, auzoari buelta eman eta auzorako sarrera irteerak berrantolatzeko asmoa aurreratu zuten Jaurlaritzako agintariek eta udal ordezkariek. 

Aparkaleku berria
 Errepideaz gain, aparkaleku berria egin dute. 41 autorentzako lekua dauka aparkalekuak, eta eskolako autobusak buelta hartzeko 5x15 metroko gune bat egin dute. Aurrerantzean, beraz, Sigma auzoko umeek errazago izango dute autobuserako bidea, eta ez dute errepidea gurutzatu beharrik izango.
 
Lotura duten albisteak: