•Bi hilabete pasatu dira udal hauteskundeetatik. Nola gogoratzen duzu maiatzaren 22ko gau hura?
Erakundeetan indarra galdu dugula argi dago, Gipuzkoan aurreko hauteskundeetan baino zortzi mila boto gehiago atera eta hamahiru zinegotzi bakarrik galdu ditugun arren. Bildurekin beste argazki bat eratu da erakundeetan, baina Elgoibarren ez da eman Gipuzkoan gertatu den fenomeno bera, eta gu hazi egin gara. Elgoibarko datuak aztertzen baditugu, 1999an botoen %36 lortu genuen; 2007an, %28; eta 2011n, %39. Gaur egun Bildu denak 1999an %38 lortu zuen (orduan ez zegoen Aralar, beraz kopuru horren barruan dagoela ulertu behar dugu), 2007an %32, eta 2011n, %35. Hortaz, Aralarren %3a gehituta, 1999an bezala dago. Datuei begiratuta, Elgoibarren azken hamasei urteetan indarrak mantendu egin dira. 2007an zigortu egin gintuzten, baina azken datuekin esan daiteke elgoibartarrak pozik daudela lau urteotan egin dugun lanarekin. Gure helburua zazpi edo zortzi zinegotzi eskuratzea zen, eta zortzigarrenetik 50 botora geratu gara, beraz, pozik egoteko moduan gaude.
•EAJk, baina, ez dauka orain arteko nagusitasunik udaletxean, Bildurekin berdinduta baitago zinegotzi kopuruan. Nolako legealdia aurreikusten duzu?
Egoera aurreko legealdiarena baino hobea da. Denok gaude ordezkatuta. Lehen zazpi zinegotzi geneuzkan, eta orain ere halaxe ditugu, beraz, gure ahalegina lehengo berbera izan beharko da. Aralar eta Ezker Batua desagertu dira, eta Bildu daukagu. Beste eszenatoki bat da, jokalari berriak ditugu, baina funtzionamendua berbera da. Aurrekoan bezala Legealdi Plana erabiliko dugu, eta espero dugu emaitzak ere berdinak izatea. Legealdi Plana osatzeko alderdi guztien hauteskunde programa hartu dut, eta 24 lan ildo atera ditugu, lau arlotan banatuta: Udal kudeaketa, hirigintza, pertsonen zerbitzuak, eta jarduera ekonomikoa eta hezkuntza.
•Nolakoak izan dira Udal Gobernua osatzeko negoziazioak?
Hauteskundeetatik hona mezu bera zabaldu dugu, eta alderdi guztiei proposamen bera egin diegu. Alderdi guztiak barne izango dituen gobernua osatu nahi genuela esan dugu hasieratik, eta egonkortasunari garrantzi handia ematen diogula argi utzi dugu, bi arrazoirengatik: batetik, egoera ekonomikoak egonkortasuna bermatzera behartzen gaitu, eta bestetik, bakegintzan eta elkarbizitzan lan handia egin behar dugu legealdi honetan. Hortaz, alderdi guztiei adierazi diegu egonkortasuna bermatuko duen gobernua osatzea zela gure helburua. Horretarako, akordio batzuk lortzea derrigorrezkoa da, eta horrez gain, Hirigintza Plana eta Pilar ikastetxeko proiektuak sustatzea ezinbestekoa zen. Aurreko legealditik datozen proiektuak dira, eta oso aurreratuta daude, beraz, atzera pausorik ezin genuen onartu. Elgoibarren etorkizunerako proiektu estrategikoak dira, eta babesteaz gain, proiektu horiek bultzatu egin behar dira. Legealdi Plana izango da lanean hasteko lehen dokumentua, eta irailetik aurrera ekintzak zehaztuko ditugu, egonkortasuna bermatzeko. Garaiak egonkortasunari garrantzia ematea eskatzen du.
•Nolako Udal Gobernua osatu duzue?
Legealdi Planak hartu dugu oinarri Udal Gobernua osatzeko, eta hori izan da negoziaketen ardatza. Gure proposamena denentzat berdina izan da, eta harreman onak izan ditugu denekin, baina erantzun desberdinak jaso ditugu. Alderdi Popularrak Bildurekin duen harremanagatik parte-hartzea mugatua dauka. Bildu elkarlanerako prest agertu da, baina lau urterako akordioa adosteko ez dira prest agertu. Guretzako, ardurak banatzeko, akordio batzuk adostu eta konpromiso batzuk onartzea ezinbestekoa zen. Alderdi Sozialistak mahai gainean jarri zizkigun bere eskaerak, eta Bildu hartu ez dituen konpromisoak hartzeko prest agertu da.
•Lasarten gertatzen zenaren arabera, Ovidio Campellok alkatetzarako botoa Bilduri emango ziola entzun genuen inbestidura plenoaren bezperatan. Nola bizi izan zenituen une haiek?
Errespetuz bizi izan nituen azken egun haiek. Ulertzekoa da batek modu batean jokatzen badu, besteak ere baduela gauza bera egiteko eskubidea, baina konfiantzaz ere bizi nuen, pertsonak ezagutzen ditudalako.
•Beste herri batzuetan arazo handiak izan dira EAJ, Bildu eta PSE-EEren artean, baina, Zein da Elgoibarko egoera?
Gipuzkoako Udalak osatzerakoan ez dakit Bilduk, PSE-EEk eta EAJk bat egin duten herriren baten! Herri bakoitzean egoera diferentea dago, eta nola edo hala, alderdien arteko desberdintasun horiek agertu egin behar dira.
•Aurreko legealdia krisiak baldintzatu zuela adierazi duzu. Datorren legeladin krisiak izango du eraginik?
Bai. Krisi egoera oraindik lehenengo lerroetan daukagu. Euskal Herrian zerga bidezko diru sarrerak egonkor daude, baina krisia gainditu dugula esateko sarrera horiek hazi egin behar dira, eta langabeziak behera egin behar du. Erakundeetatik esandakoaren arabera, datozen bi urteak ez dira errazak izango.
•Zein izango da legealdiko proiektu nagusia?
Pilar ikastetxea izango dela uste dut. Aurreko legealditik dator, eta Foru Aldundiarekin hitzarmena adostuta dago. Beste proiektu batzuk ere badaude, Elgoibar Berdearen barruan esate baterako, ibilgailu elektrikoen gaia daukagu; Anateusk eta Asmaola ere hazi dira fruituak ematen, eta estrategikoki Hirigintza Plana ere oso garrantzitsua izango da.
•Hitz batzuk esango dizkizut eta azaldu labur-labur zuen asmoak:
- Etxebizitza: Etxebizitza eskuragarriak egitea da gure asmoa, hau da, ordaindu daitekeena. Ahal dela alokairuzkoak ere egitea da gure nahia, baina Udalaren ustez Jaurlaritzarekin elkarlanean egin beharko litzateke, alokairuzko etxeak egiteko lurzorua eskainiz. Hiri Antolakuntza Plan Orokorrak eskaintza hau bideratuko du.
- Kiroldegia eta frontoia: Beharra badago, eta asko hitz egin daiteke proiektuari buruz, baina arazoa egoera ekonomikoa da. Ez dakit zenbat denbora beharko den proiektua gauzatzen asteko, baina ni baikorra naiz eta nahiko nuke legealdi honetan izatea. Biak batera ikusten ditut, biak direlako kirol azpiegiturak. Mintxetak ilusio handia egiten digu, eta aukera zabala eskaintzen du. Asmatzen badugu, Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean, Mintxetak turismo mailan erreferente bihurtzeko aukera emango dio Elgoibarri. Urrun dagoela esango du norbaitek, baina hortxe dago, eta jende asko joaten da bertara.
- Plaza Txikia: Lehenengo erabaki behar da Plaza Txikian zer egin nahi den. Eraikina goitik behera berritu behar da, eta hori ere egoera ekonomikoak baldintzatzen du. Lehentasunak ezarri behar dira.
- Gaztetxea eta gazte lokalak: Udalan helburua ez da gaur egun daukagun bezalako gaztetxea sustatzea. Zerbait sakonagoa eskaini behar zaie gazteei. Inplikazioa, elkarlana, ekintzaletasuna eta iniziatiba, ikasketekin, lanbidearekin, ezagutzarekin eta etorkizunarekin lotu beharra dago. Ametsak eta asmoak egi bihurtu al daitezke? Zein adina da egokiena? Helduen eta gazteen arteko harremana eta ezagutzaren transferentzia landu ere bai. Ezagutza patrimonioa da. Proiektuak zein forma eduki behar duen aztertze lanak egiten ari gara parte hartzean oinarrituz. Gazte lokalen erabilera arautzeko egin genuen bezala. Hau da 2011. urterako dugun helburua. Egunerokotasunak eta gazteen erlazioan oinarritutako sare bat osatzea da nahia, eta horretarako ez dago gune baten beharrik. Sare horren bidez sortu daitezken nahiak eta ametsak betetzeko, erraztasunak ematen saiatu behar gara eta honetarako dauden baliabideez gain, beharrezkoa izango da berriak horretara egokitzea eta beharbada azpiegitura bat apropos bideratzea.
•Lau urte egin dituzu alkate postuan. Egindako lanen artean zein izan da gustukoena?
Obra bat aukeratzekotan, Madalakoarekin geratzen naiz. Obra horrek asko aldatu du Elgoibar, eta hori izan da ikusgarriena. Beste alor batean, elgoibartarrek duten inplikazioa goraipatuko nuke. Elgoibar herri inplikatua eta ekintzailea da, eta jende konprometitu asko daukagu. Jendeak daukan jarreraz oso harro nago. Egindako lanarekin herritarrak gustura ikustea da niretzako onena, eta jendea gustura dagoela esango nuke.
•Eta, zer ez zenuke errepikatuko?
Hartutako erabakiekin asmatzen duzun edo ez jakitea ez da erraza. Ez dut uste galdera honi erantzutea niri dagokidala. Legealdi honetarako erronka handienenetako bat bakegintza eta elkarbizitza sustatzea izango da. Gai honen garrantziaz jendea kontzientziatua egon behar da, bide horretatik onura handia etorriko delako.
•Aurpegi berri asko izango dituzu aldamenean. Nola ikusten duzu zure lantaldea?
Jende gazte asko sartu da Udalean, eta ilusioz eta lanerako gogoz daude. Ilusioa eta inplikazioa dagoen momentutik, onartu dugun ardura eta erantzukizuna ulertzen badugu eta elkarlana uztartzen asmatzen baduzu, gauzak ondo joango dira.
•Eta, zer ez zenuke errepikatuko?
Hartutako erabakiekin asmatzen duzun edo ez jakitea ez da erraza. Ez dut uste galdera honi erantzutea niri dagokidala. Legealdi honetarako erronka handienenetako bat bakegintza eta elkarbizitza sustatzea izango da. Gai honen garrantziaz jendea kontzientziatua egon behar da, bide horretatik onura handia etorriko delako.
•Aurpegi berri asko izango dituzu aldamenean. Nola ikusten duzu zure lantaldea?
Jende gazte asko sartu da Udalean, eta ilusioz eta lanerako gogoz daude. Ilusioa eta inplikazioa dagoen momentutik, onartu dugun ardura eta erantzukizuna ulertzen badugu eta elkarlana uztartzen asmatzen baduzu, gauzak ondo joango dira.
∞Lotura duten albisteak: