Gazteen Eguna izan da aurtengo berritasun nagusia Mendaroko Santa Ana jaietan. Aitor Agirrebeñak, Mendaroko Udaleko gazteria zinegotziak, BARRENi (791. alean) eginiko adierazpenetan azaldu zuen moduan, herriko gazteek euren egun propioa behar zutelako eta gazte koadrilen arteko harremanak indartzeko erabaki zuten Gazteen Eguna antolatzea.
Hala, triki-bertso poteoarekin hasi zituzten Gazteen Egunerako prestatutako ekintzak, joan den zapatu eguerdian. Herriko tabernak bata besterengandik urrun daudela-eta bizikleta gainean egin zuten poteoa. Paella txapelketa egin zuten ondoren. Zazpi talde aurkeztu ziren lehiaketara, eta Ingo jonau izeneko taldeak aurkeztutakoak irabazi zuen paella onenaren saria. Herri bazkarian parte hartu zuten ehun lagunek jan zituzten gero txapelketara aurkeztutako paellak. Ondo jan eta edan ostean, bazkalostean, gazte jokoetan hartu zuten parte Mendaroko gazteek. Egunari amaiera emateko, DJ Josebak jarritako musika entzun eta dantzatzeko aukera eduki zuten ordu txikietara arte.
Zaharrek hartu zuten gazteen lekua domekan, Zahartzaroari Omen Eguna ospatu zuten-eta. Txistularien kalejira eta meza nagusiarekin hasi zuten eguna, eta, ondoren, Euskal dantza erakustaldia eskaini zuen Mendaroko trikiti taldeak. Arratsaldean, Gelatxo taldeak eskaini zuten dantzaldian hartu zuten parte hainbat mendaroar eta bisitarik.
•Jaien jarraipena barixakuan
Santa Ana jaiak ez dira amaitu oraindik. Datorren barixakuan, uztailaren 22an, Batuka eta dantza latinoen erakustaldiarekin itzuliko da berriz jai giroa Mendaroko kaleetara. Uztailaren 22tik 26ra iraungo dute Mendaroko jaiek.
Santa Ana jaiak ez dira amaitu oraindik. Datorren barixakuan, uztailaren 22an, Batuka eta dantza latinoen erakustaldiarekin itzuliko da berriz jai giroa Mendaroko kaleetara. Uztailaren 22tik 26ra iraungo dute Mendaroko jaiek.
- Ikus hemen: Mendaroko Santa Ana jaiak 2011 (egitaraua/PDF)
Santanak irudietan: