Markel Aramberri debarrak irabazi du tenis txapelketa

elgoibarren.net 2011ko uzt. 19a, 13:31

 
Markel Aramberri debarrak (ondoko argazkian) irabazi du 40-15 elkarteak antolatutako tenis txapelketa. Aramberrik Gorka Merino elgoibartarrari irabazi zion, joan den zapatuan, Mintxetan jokatu zen finala.

 


Tenis eta padel txapelketetako irabazleak eta finalistak antolatzaileekin.

Lehen seta erraz irabazi zuen Markel Aramberrik. Merinok joko bat bakarrik irabazi zion tenislari debarrari. Bigarren setean joko maila igo zuen Gorka Merinok, eta markagailuari buelta emateko gai izango zela ematen zuen, 4-2 aurretik jarri zenean, batez ere. Aramberrik, baina, beretzat nahi zuen txapela eta jarraian egin zituen hurrengo lau jokoak, txapelketa irabaziz. Maila handiko partidua jokatu zuten bi tenislariek, eta Mintxetako tenis pistaraino hurbildu ziren ikusleek tanto ederrez gozatzeko aukera izan zuten.

 Infantiletan, berriz, Koldo Lopez eibartarrak jantzi zuen txapela. Lopezek Oier Martinez ermuarrari irabazi zion finalean. Alebinetan beste debar bat, Jon Gandiaga nagusitu zen.

Eibartarrak nagusi padelean
Tenis txapelketaz gain, padel txapelketa ere antolatu du 40-15 elkarteak. Joan den astean jokatu zen finalean Jon Etxeberria eta Alberto Gonzalez eibartarrek osatutako bikoteak jantzi zuen txapela Natxo Larrarteri eta Xabi Castañoni irabazita.
 
 
Argazkiak: Aitor.