Jose Luis Ibarzabal: "Kargurik gabeko lan bat egitera kondenatu gaitu EAJren jokoak"

elgoibarren.net 2011ko uzt. 20a, 14:28

 
 Bilduk Elgoibarko Udalaren osaketaren nondik norakoen irakurketa egin du eta herritarrekin partekatu du, koalizioko kideek eman duten prentsaurrekoan. Udaleko hautetsien ordainsariak ere hizpide izan dituzte. Bilduko kideen esanetan Osoko Bilkuran onartutako proposamena "gehiegikeria bat" da.




 Joan den asteko Udaleko Osoko Bilkuran landutako “bi gai garrantzitsuenen” inguruan duten iritzia plazaratu dute prentsaurrekoan Jose Luis Ibarzabalek eta Iñigo Cearsolok, Bildu Elgoibaren izenean. Udalaren osaketaz egin duten balorazioa azaldu dute lehenik. EAJren eta PSE-EEren botoak medio Osoko Bilkuran onartutako proposamenak agerian laga du, haien ustez, horrenbeste herritarrek egindako "aldaketaren hautua" oztopatu nahi dutela PNVk eta PSEk. "Nahikoa izan du Alfredo Etxeberriak bere boterea arriskuan ikustea, beraien albora arrimatzeko. Mankomunitatea PSErentzat, eta Udalean lau urteko ‘lasaitasuna’ PNVrentzat”.

 Era berean, Bildu eta eurengan konfiantza jarri duten 2.000 herritarrak kargurik gabeko lan bat egitera kondenatu dituela EAJk salatu du Jose Luis Ibarzabalek: “Gobernu Batzordearen argazkia erakutsi nahi izan dio herriari alkate jaunak. Errazagoa zaiolako hori, berak osatu duen bere udal gobernuaren argazkia erakustea baino. Bada ez gaitezela bere tranpan erori. Gobernu Batzordean dago Bildu, bai; dagokigulako eta gure lanerako bertan ere egotea komeni zaigulako. Baina ez dezala PNVk argazki hori saldu. Gobernu Batzordera, gu, Bildu bezala baikoaz eta eurak ordea, PNV-PSE paktuaren baitan”.
 Kargu gabe geratu izanak ez diela daukaten ardura kentzen gaineratu du azken Udal Hauteskundeetan Bilduren alkategai izan zen Ibarzabalek. “Arduraz heldu genion lanari, eta arduraz jarraituko dugu lanean”, adierazi du.

Elkarlanerako esparruak bilatzeko apustua
 Bilduko kideek argi laga nahi izan dute koalizioa elkarlanerako esparruak bilatzen ahalegindu dela negoziaketak iraun duen bitartean, eta datozen lau urteetako jarduna ere horretan oinarrituko dutela aurreratu dute. Honela azaldu dute: “Elkar ulertzea da gakoa, eta horren aldeko apustua egin du Bilduk, sortu zen momentutik. Alabaina, ezin dugu onartu elkarlanaren edo akordioen izenean, guretzat estrategikoak diren lan ildoak bertan behera lagatzea, ez eta gure proiektuari muzin egingo dioten neurriak hartzea. Argi baitaukagu zer den nahi duguna, eta hori ez dugu edozein preziotan salduko. Ez diogu, egonkortasunaren izenean, egun batetik bestera, garena izateari utziko. Ez gaituzte horretarako hautatu”.

Gehiegikeria ordainsariekin
 Udaleko hautetsiek jasoko dituzten ordainsariei dagokienean, euren desadostasunaren arrazoiak eta proposamenaren oinarriak azaldu dituzte Ibarzabalek eta Cearsolok. “Udala entitate publikoa izaki, eta egungo egoera ekonomikoa kontutan hartuta, PSE-EEren bi botoen laguntzaz Osoko Bilkuran onartu zen ordainsarien inguruko proposamena gehiegikeria bat iruditu zaigu”.
 Alkatearen eta lehenengo alkateordearen ordainsari gordinetan jarri dute arreta, “bereziki”, Bilduko hautetsiek. “Bi horiek dira-eta batez ere, gure iritziz, zilegitasunaren marra gorria gainditzen dutenak. Eta ez da soilik guk esana; Elgoibarrekin antzekotasun ugari dituzten herriei erreparatu besterik ez dago hori horrela dela ikusteko”.
 Bildu Elgoibarrek ordainsariei dagokien proposamena berriz aztertzeko eskatu dio EAJri, eta era berean, beraien aukera proposatu dute, alegia, ordainsariak %20 jaistea. EAJk aurkeztu eta Osoko Bilkurak onartutakoaren arabera, alkateak eta lehenengo alkateordearen soldatetarako 133.474 euro jarri beharko ditu Udalak 2011 urtean. Bilduren proposamena aplikatuz gero, 106.777 euro jasoko lituzkete Udaleko bi agintari nagusiek. Alkateak eta lehenengo alkateordeak jasoko duten soldatei Udal taldeen diru sarrerak eta kalte ordainak gehituz gero, 305.068 eurokoa izango da gastu orokorra, Bilduk aurkeztutako datuen arabera. Euren proposamenarekin 61.014 euro aurreztuko lituzke Udalak.