Javier Nuñez: "PPk ez die uko egingo bere printzipioei Udal Gobernuan parte hartzearren"

elgoibarren.net 2011ko uzt. 21a, 12:19

 
Javier Nuñez Elgoibarko PPko zinegotziak Udal Gobernuan ez parte hartzeko izan dituen arrazoiak azaldu ditu prentsaurrekoan. Nuñezek esandakoaren arabera, EAJk jarritako baldintza ia guztiak onartzeko prest zegoen, baina ezin zuen "inondik inora" onartu Bildurekin gobernua osatzea.

 

 "ETAren terrorismoa gaitzetsi ez, eta haiek eragindako biktimei inolako elkartasunik adierazi ez dien alderdi bat dagoen gobernu bateko kide ezin naiz izan", adierazi du Javier Nuñezek. EAJk Udal Gobernuko kide izateko egin zion "tranpadun eskaintzari" ezezkoa ematera behartu zutela esan du PPko zinegotziak. "Nahiago izan dute oraindik ETAren terrorismoa gaitzetsi ez dutenen alboan egon, ETA sufritu dugunon alboan egon baino", azaldu du Elgoibarko Alderdi Popularreko zinegotziak.
  Bildukoek inbestidura plenoan eskaini zuten hitzaldian "Sortu eta preso terroristak" aipatu zituztela gogora ekarri du Nuñezek, "baina ETA gaitzesteko hitz bakar bat ere ez, eta aipamenik ere ez ETAren mehatxupean bizi garenontzat. Hori guztiagatik, PPk ezin du gobernurik osatu alderdi horrekin. Horixe zen PPk Udal Gobernuaren osaketa babesteko jarri zuen baldintza bakarra".
Nuñezek oso argi laga nahi izan du Alderdi Popularrak ez diela bere printzipioei uko egingo Udal Gobernuan parte hartzearren. "Beste batzuk, PSEk esaterako, azkar ahaztu ditu Bilduk eta EAJk Lasarteko alkatetza sozialistei kentzeko lortu zituzten akordioak. Badirudi ez dutela eragozpenik Gobernu Batzordea Bildurekin partekatzeko. PSErentzat, beharbada, garrantzitsuagoa da udal sail bat zuzentzea edo (Debabarreneko) Mankomunitateko agintea eskuratzea, ETAk eragindako biktimak eta mehatxatuak defendatzea baino".
EAJrentzako ere izan ditu berbak Nuñezek. PPri Udal Gobernuan parte hartzeko eskaintza "itxurakeria hutsa" zela azaldu du. "Bazekiten-eta PPk ez ziela, Bildurekin Gobernu bat osatzeagatik, bere printzipioei uko egingo. Beste behin agerian geratu da, baina, ETAren krimenak gaitzetsi ez dituztenen albora arrimatzen dela EAJ, eta, aldiz, albo batera laga eta mespretxatu egiten dituela alderdi demokratikoak".

Oposizio arduratsua eta konstruktiboa

Javier Nuñez, PPko zinegotzia, alderdi politikoentzako udaletxean egokitu dituzten bulego berrietako batean.

Gauzak horrela, Nuñezek bere lekua oposizioan dagoela onartu du. "Oposizio arduratsua eta konstruktiboa egingo dut. Ideiak eta proiektu berriak proposatzeko lanean jardungo dut, baina ez diot lagako Elgoibarrentzat onuragarria ez dela iruditzen zaidana kritikatzeari", gaineratu du.
  Amaitzeko, bururatzen zaizkion zenbait galdera bota ditu: "Nola konpondu behar dute orain, hauteskunde kanpainan hainbat gairen inguruan: Pilarreko zahar etxea, HAPOa... ideia guztiz kontrajarriak zituzten alderdi horiek? Gernikako akordioa babesten dute batzuek, Ibarretxeren Planaren alde egiten dute besteek eta zeren alde egiten duten beste batzuk ere badaude. Elgoibartarrek eta alderdi horiei botua eman dietenek eskubidea dute Udal Gobernuko kideek egin zituzten promesak beteko dituzten ala ez jakiteko".