Togokoek bisatuekin arazoak izan dituztela azaldu dute Haritzeko kideek, eta zenbait taldekidek ezin izan dute Europara bidaiatu. Arazoak egon zitezkeela aurreikusita zutenez, azkar bete ahal izan dute Haritzekoek Togoko taldeak lagatako hutsunea.
Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdiak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu aurten, eta hori dela eta hainbat ekitaldi berezi antolatu ditu Haritz Euskal Dantzari Taldeak urteurrenaren harira: Kultur Etxean egin zuten erakusketa, liburu baten argitalpena, erakusleihoak folklore jaialdiarekin lotutako motiboz jantzi, parte-hartzaile ohien biltzarra, e.a. Zita nagusia ordea, oholtza gainean izango da, beste behin ere, barixaku honetan (uztailak 22), gaueko 22:30etan Olaizaga kiroldegian. Han bertan salduko dituzte sarrerak, eta aldez aurretik lortu nahi izanez gero, Txankakua merkatari elkarteko kide diren saltokietan eskura daitezke. Hortaz, Egipto, Indonesia eta Euskal Herriko dantzek osatuko dute 25. Nazioarteko Folklore Jaialdia.
•EGIPTO (Folklore Dance and Music Group)
AUC (American University in Cairo) Folklore & Music taldeak hogei urte inguru daramatza dantzan. Unibertsitateko ikasleak izan ziren lehenengo dantzariak; gero lizentziatuak elkartu zitzaizkien; eta badira lizentziatu ondoren entseguetan eta emanaldietan parte hartzen duten ikasle-ohiak ere.
Egiptoko kultura zaintzea eta dantza eta musika bidez ezagutzera ematea, hori izan zen taldea sortzeko hasierako asmoa. Errepertorioan dituzten dantzetako asko gaur egun ez dira egiten, edo, egiten badira, dantzen jatorrizko tokietan egiten dira, ez beste inon; beraz, jende askok ez ditu sekula ikusi. AUC Folklore Dance & Music Group-ek aukera ederra eskaintzen digu Egiptoko kulturaren ondare hau entzun eta ikusteko, kontuan izanda, musika eta dantza bi hizkuntza unibertsalik indartsuenetakoak direla.
•INDONESIA (Krida Budaya)
Jakartan kokatzen den Krida Budaya Unibertsitateko taldeak Indonesiako erlijioan eta ohituretan oinarritutako dantzak erakutsiko dituzte. Arropa aberats eta dotoreak jantziko dituzte euren agerraldietan. Musikaren ezaugarri bereizgarriena gong txikien erabilera da (tam-tam), metalofonoaren laguntzarekin. Indiako epopeietan oinarritutako dantzak irudikatuko dituzte, lepo, ukabil eta eskuen mugimendua nagusi diren dantzak, hain zuzen ere.
•EUSKAL HERRIA (Haritz EDT)
Aurtengo Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdia berezia da Haritz dantza taldearentzat; izan ere, 25 urte betetzen dituzte. Eta urteurren hori ospatzeko alerik preziatuenak atera nahi dituzte. Ezin falta zitezkeen, bada, Gipuzkoako dantza kuttunak. “Hainbestetan eskaini ditugu —eta han eta hemen eskatu eta estimatu dizkigute!— ezen azkenerako gure ikur bihurtu diren”. Denontzat hain ezagunak diren doinu eta urratsak taularatuko dituzte lehen zatian: desafioa, ezpata-txiki, abarketak, txakolin, makil-handi, ormatxulo, zintza-dantza, punta motz, uztai-txiki eta dantza soltea.
Jaialdia amaitzeko Zuberoara joko dute. Besteak beste, Betti Betelu, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Dominika Errekalt "Ttitika" izan ditugu Zuberoako dantzak ikasteko maisu, eta aurten Jon Iruretagoienarekin errepasatu eta landu dituzte berriz. Ondoren, Maskaradetako dantzak dantzatuko dituzte: barrikada, gabota, kadrileak, aitzina pikha, marexelak eta, nola ez, godalet-dantza. Edalontzia erori ala ez erori, ikusmina izaten da, baina aurretik dantzatzen diren urrats tekniko eta indartsuetan antzematen da dantzariaren trebetasuna. “Edalontzia lurretik altxa eta egin dezagun topa! Beste 25 urte oparo izan ditzagula!”.