Beatriz Alvarezek Euskadiko notarik altuena lortu du selektibitatean

elgoibarren.net 2011ko uzt. 22a, 13:13

 
9,8. Horixe da Beatriz Alvarez ikasle elgoibartarrak Unibertsitatera sartzeko hautaproban lortu duen nota ikaragarria. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban ez da egon hori baino nota altuagorik lortu duen ikaslerik.

 
 


  Beatriz Alvarezek Eibarko Santa Maria de la Providencia (Aldatze) ikastetxean egin ditu orain arteko ikasketak, baina datorren ikasturtean Madrilera joango da, kazetaritza eta ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak –gradu bikoitza- hasiko ditu-eta Francisco de Vitoria Unibertsitatean.

 Horrelako nota altuak lortzeko “gauza askori uko egin” behar izan diola onartu du 17 urteko ikasleak. Alabaina, oso argi dauka zer nahi duen eta hori dela garrantzitsuena uste du. Nota onak lortzeko sekreturik ez dagoela dio: “Klasean adi-adi egon, parte hartu, eta batez ere etxean asko ikasi”. Etxekoen laguntza eta babesa ere nabarmendu ditu. Gurasoak eta ahizpa gaztea beti izan ditut alboan eta laguntza handia izan dira azterketen aurreko urduritasun uneetan edo animoz baxu nengoenetan”.
Kazetari bokazioa
  Selektibitatean lortu duen notarekin edozein karrera aukera zezakeen Beatrizek, baina kazetari izateko bokazioa du. Hamar urte zituenetik argi dauka kazetari izan nahi duela. “Gure inguruan gertatzen dena jakitea gogoko dut eta gainerakoei horren berri ematea, komunikatzea, horixe dut gustuko. Informazioa boterea baita”. Egunerokotasuneko gaiak lantzen dituen Blog bat ere badauka (Marineros de agua dulce). Hala ere, idatzizko prentsan edo telebistan baino irratian ikusten du bere burua. “Irratia da nire pasioa”, dio.
 
 
Argazkia: Guillermo G. Baltasar.