Ikusmin handia piztu du Madalako jaien barruan estreinakoz antolatu den Azkarateko Igoerak, eta ikusle eta parte hartzaile dezente batu dira azkenean. 1981ean Azkarate gaineraino 20 minutu eta 40 segundoan igo zuen David Slater ingelesa bertan egotea, gainera, pastelaren ginda modukoa izan da. Mintxeta Atletismo Taldeko kideek Ingalaterran dituzten kontaktuak lanean jarri ostean lortu zuten Slaterrekin bat egitea. Proba ikustera etorri nahi zuen galde egin zioten eta hark berehala eman zion baiezkoa gonbidapenari. Atzo ailegatu zen Elgoibarrera bere entrenatzaile izandako Edie Hardyrekin batera. Probari hasiera emateko ohorea eskaini diote Slaterri eta bertatik bertara jarraitu ditu gero txirrindulari eta antxitxikarien ibilerak. 1981. urtean ezarri zuen marka (20:40) ez dela edonork ontzeko modukoa ikusi ahal izan dute guztiek. Aurreneko postuetan iritsi diren parte hartzaileak harrituta zeuden britainiarrak egin zuen markarekin. Beste puska baterako marka izango dela izan da iritzi zabalduena eta komentatuena.
•Iñigo Lazkanok aurkaririk ez errobera gainean
Bizikletako proba 10:30ean hasi da eta 43 lagunek, 41 gizonezkok eta bi emakumek, parte hartu dute bertan. Ia hasieratik tropelaren burua hartu du Iñigo Lazkanok eta bakar bakarrik egin du igoera osoa. Mendaroko txirrindulariak sasoi betean dagoela erakutsi du eta 56 segundoko aldea atera dio amaieran Gorka de la Horra bigarren sailkatuari. 15 minutu eta 40 segundoko denborarekin Lazkano izan da 16 minututik jaitsi den txirrindulari bakarra. De la Horrak 16 minutu eta 36 segundo behar izan ditu, Ander Agirre hirugarren sailkatuak baino segundo bat gutxiago, alegia. Lehen emakumezkoa, Ainhoa Lendinez, sailkapen nagusiko 26. postuan ailegatu da helmugara, 20:07 denborarekin.
Argazkiak: (Argazki guztiak Picasan)
|
|
|
|