Agur San Antolin jaiei

elgoibarren.net 2011ko ira. 6a, 10:31


Eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, jende asko ibili da San Antolin jaietan. Antolatzaileek adin eta mota guztietako herritarrentzako egitaraua prestatu dute, eta bakoitzak izan du non aukeratu: Bertso afaria, mus txapelketa, korrika lasterketa, patata tortilla lehiaketa, txapel eta oliba hezurren jaurtiketa izan dira, besteak beste, asteburuko ekintzak. (Argazkiak, bideoa emaitzak dauzka)


  San Antolin jaiek hartu dute San Bartolome jaien erreleboa joan den asteburuan. Ohi duten legez, ekintza eta dema mordo bat prestatu zituzten Arriaga auzoko bizilagunek. Bitxienak barixakuan jokatu ziren. Txapel jaurtiketa txapelketan, esaterako, Eneko Loiolak erakutsi zuen trebetasunik handiena. Sanmigeldarrak 27 metro eta 70 zentimetroko jaurtiketarekin lortu zuen garaipena. Emakumezkoetan, Pilar Arriolak egin zuen jaurtiketarik luzeena (20,05 metro). Honekin, hirugarrengoz irabazi du Arriolak txapelketa berezia, 2006koa eta 2009koa ere berak irabazi zituen-eta. Oliba hezurren jaurtiketan Garikoitz Uzkudun izan zen irabazlea. Azpeitiarrak 14,80 metrora jaurti zuen oliba hezurra. Gorka Garate, iazko irabazlea, sailkatu zen bigarren postuan (14,05 m.). Bi txapelketetan 68 lagunek parte hartu zuten, gizonezkoak gehienak (44 lagun).

Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia eta Mañukorta bertsolariekin antolatu zuten bertso afarian, bestalde, 140 lagun batu ziren barixaku gauean. Burduntzian erretako arkume jana egin eta gero, goizaldean egin zuten txokolate janarekin eman zioten amaiera San Antolin Egunari. Hemen ere izan zen tarterik, baina, lehiaketetarako. Hala, afal ostean, bi gaztaren pisua asmatu zutenek etxera eraman zituzten gaztok. Juanito Loiola eta Alipio Alonso izan ziren irabazleak.

Unai eta Angel Loiola nagusi musean

  Unai eta Angel Loiolak irabazi zuten zapatuan (irailak 3) jokatu zen Mus txapelketa. Txapela eta 54 euroko saria eskuratu zituzten. Bixentek eta Felixek osatutako bikotea sailkatu zen bigarren postuan eta Salegi eta Loiola hirugarren postuan. Parte hartzaile guztiek ardo botila bat jaso zuten, gainera, oparitzat.

Bigarren garaipena David Garciarentzat auzoko lasterketan

1706638797117 Agur San Antolin jaiei

Iaz lortutako garaipena errepikatu zuen David Garcia durangarrak San Antolin auzoko hirugarren herri lasterketan. Nagusitasun osoz irabazi bazuen ere, iaz ezarri zuen markatik (19:21) urrun geratu zen bizkaitarra. Aurten 19 minutu eta 45 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Txapela, garaikurra eta gazta bat jaso zituen saritzat. Richard Goñi sailkatu zen bigarren postuan (20:08) eta Iñigo Lariz, lehen elgoibartarra, sailkatu zen hirugarren postuan (20:17).
 Karkizano gainetik lehen postuan igaro, eta hortaz, ardo kaxa bat eskuratu zuen antxitxikaria berriz, Jose Antonio Ruiz del Rey izan zen, beste behin ere. Emakumezkoei dagokienez, iazko garaipena errepikatu zuen Ainhoa Lendinezek. Hiru minutu eta bi segunduko aldea atera zion elgoibartarrak Ane Ziarani helmugan. Guztira, 41 korrikalarik parte hartu dute aurtengo lasterketan. Hona hemen sailkapenak:

III.San Antolin Krosa 
•Gizonezkoak
  1. David Garcia   19:45  (txapela, garaikurra eta gazta)
  2. Richard Goñi   20:08  (gazta)
  3. Iñigo Lariz   20:17  (gazta)
Emakumezkoak
  1. Ainhoa Lendinez  24:17 (txapela, garaikurra eta gazta)
  2. Ane Ziaran   27:19 (gazta)
  3. Pilar Arriola   30:18 (gazta)
*Karkizanoko aldapara igotzen lehenengoa: Jose Antonio Ruiz (ardo kaxa)
*Beteranoak: Nicolas Polo/Pilar Lama  (ardo kaxa)
*Auzoko lehenengoa: Xabier Bergaretxe  (ardo kaxa)

Tortilla Lehiaketa eta dantza txapelketa
  Zortzi tortilla aurkeztu ziren zapatuan egin zen Tortilla Lehiaketara. Imanolek eta Eneritzek aurkeztutakoari eman zioten lehen saria epaimahaikideek. Usatorre tabernan bi lagunentzako afaria irabazi zuten saritzat. Laja eta Mikel trikitilariek girotutako erromerian egin zuten dantza txapelketan, berriz, Aiatik etorritako bikote batek lortu zuen lehen saria.

Zozketetako irabazleak

1706638797221 Agur San Antolin jaiei

Ondorengoak dira jaietako errifaren zozketako zenbaki sarituak eta irabazleak:
  Lehen sariaren irabazlea: Jose Etxeberria Agote.
  Zenbaki irabazlea: 4.510
  Saria: Kanarias uharteetara bidaia bi lagunentzat.
 
  Bigarren sariaren irabazlea ez da azaldu oraindik. (Urriaren 3ra arteko epea du saria jasotzeko)
  2. Saria (janariz eta edariz betetako karretila): 4.747 zenbakia
  2. Sariaren erreserba: 4.165.
Argazki guztiak PICASAN