Herritarren inplikazioak ‘kalitatezko jaiak’ ospatzen lagundu duela adierazi du Udalak

elgoibarren.net 2011ko ira. 8a, 15:23

{vimeo}28757428{/vimeo}2011ko San Bartolome jaiak amaitu ostean balorazioa egiteko ordua iritsi da, eta Udalak balorazio positiboa egin du. Alfredo Etxeberria alkateak esandakoaren arabera, herritarren inplikazioari eta konpromisoari esker "kalitatezko jaiak" izan dira aurtengoak, eta Elgoibar "bizi-bizixa" egiten lagundu dute. Bestalde, krisiaren eraginez herritarren presentzia eta kontsumoa gutxitu dela diote ostalariek. Goiko bideoan San Bartolome jaien errepasoa, egunez egun, ikus dezakezue. (bideoak eta argazkiak dauzka)

ARGAZKIAK: (Ikusi hemen: jaietako ARGAZKI guztiak)
BIDEOAK:
{vimeo}28298529{/vimeo}
{vimeo}28407114{/vimeo}
{youtube}ngVIFyU-e5A&feature=related{/youtube}
 Azken urteetan bezala, krisi ekonomikoak eragina izan du jaietan, eta ondorioz, programazioan aldaketak egin behar izan dituztela azaldu du alkateak. Aurtengo jaiek 146.000 euroko aurrekontua izan dute, iaz baino %5 gutxiago. Hala ere, Etxeberriaren esanetan, ekitaldi kopurua eta horien kalitatea mantentzeko ahalegina egin dute. "Uste dugu lortu dugula eta datorren urterako zuzenketa batzuk egin beharra ere badagoela iruditzen zaigu. Adibidez banatzen den egitarauan, ekitaldi batzuen inguruko informazioa zabaltzea”.
 Berrikuntza modura, musika saio batzuen ordez, ikuskizun eszenikoak ekarri dituzte aurten. Antolatzaileen esanetan, "jende dezente" batu da ikuskizun horien bueltan. Krisiari lotuta, herritarren presentzia eta kontsumoa aurreko urteetan baino txikiagoa izan dela adierazi dute ostalariek. Horren harira, lehenengo egunetako eguraldi txarrak “eragin negatiboa” izan zuela gaueko giroan uste du alkateak.

Eragile eta herritarren inplikazioa
  Gure herriko eragile eta herritarrek parte hartzearen bitartez izaten duten inplikazioa da, Udal ordezkarien ustetan, jaietako arrakasta lortzen laguntzen duena. Hona hemen kolektibo horiek: Elgoibar kirol taldeak, CD Elgoibar, Sanlo ET, Txirrindulari Lagun Taldea - Gure Bide Elkartea, Udal Txistulari Banda, Musika Udal Banda, Haritz Euskal Dantzari Taldea, Dultzaineroak, Mauxitxa Txaranga, Parrokiako Abesbatza, Kalamua Elkartea, Sallobente Elkartea, Elkarte Gastronomikoak, Ongarri Argazkilari Elkartea, Zuhaitz Taldea, Danborrada Taldea, bertsolariak, Elgoibarko Izarra, Katekista Taldea, Maalako Jai Batzordea, Gazte Asanblada..., “Horiek denak dira zutabe garrantzitsuak San Bartolome jaien antolakuntzan. Eta, aipamen berezia egin nahi izan diete Gurutze Gorriaren, Udaltzaingoaren, Mankomunitatearen eta Udal Brigadaren “lan eskerga eta nahitaezkoari”.

Hiri segurtasuna
  Herritarren segurtasunari dagokionean, herritarrei laguntza eskaintzea, salaketak kudeatzea, kale iskanbilak baretzea eta identifikazioak egitea izan da Udaltzaingoaren betebeharra. Iaz izandako gertakariekin alderatuta, aurten laguntza eskaera gutxiago egon dira, 11 (iaz, 33), baina salaketa gehiago jaso ditu Udaltzaingoak, 23 (iaz, 12). Udaltzaingoak zenbatutako kale iskanbilak 5 izan dira aurten eta iaz, 3. Identifikazioei dagokionean, iaz 8 izan ziren eta aurten 16. Era berean, sokamuturrean eta zezenak girotutako jardueretan ez da zauritu larririk izan, eta Udalak balantze "oso ona" izan dela aipatu du.

  Bestalde, aipamen berezia egin diote Baserritarren Egunari, eta bereziki gazta lehiaketari, urtetik urtera parte hartzaile gehiago izaten dituelako. Horrekin batera, txikienentzat antolatutako ekintzek estimazio handia izan dutela gaineratu dute. Antolatutako tradiziozko eta protokolozko ekintzak: Elizkizunak, Dianak eta Kalejirak, Soka Dantza, Udal Bandaren kontzertua, erantzun bikaina eduki dutela gaineratu dute jaien balorazioa egiterakoan, “bai herritarren aldetik eta Udal talde eta zinegotzien aldetik ere”. Kaleko giroari dagokionez, Mauxitxa txarangak jaietan duen lekua azpimarratu eta goraipatu dute. “Aurten iaz baino kalejira bat gehiago eskaini digute.
Aurrekoez gain, bi kale antzerkik eta Elgoibarko kale kantariek "urtetik urtera jaien egitarauaren barruan finkatzen doan taldea" girotu dituzte herriko kaleak. "Ez ditugu ahaztu behar Baltzola anaien trikitixak, euren doinuez giro aparta sortzen dutenak”.