Emakumeentzako autodefentsa ikastaroa antolatu du Berdintasun Sailak

elgoibarren.net 2011ko ira. 13a, 14:34

Emakumeei zuzendutako autodefentsa ikastaroa emango du Maitena Monroyk, urriaren 8an, musika eskolan. Eraso sexistetatik nola defendatu behar duten irakatsiko die emakumeei, modu erraz eta sinplean.


 Erasoak identifikatzea, eta indarkeriak (bere alderdi guztietan) dituen jatorria eta eraikuntza, eta norbanakoan eta taldean dituen ondorioak aztertzea izango da ikastaro honen helburuetako bat. Egunerokoan gertatzen diren eraso-egoerak konpontzeko eta horiei erantzuteko gai izateko mekanismoak ere landuko dituzte.
 Emakumeen eskubide eta gaitasunez jabetzeaz gain, konfiantza eta segurtasuna sustatuko dira, “indarkeriaren inguruko mitoak hautsiz eta emakumezkoen ahuldade fisikoari buruzko estereotipo zaharrak desmitifikatuz”, azaldu dute Udaleko Berdintasun Saileko arduradunek.
Alor teorikoaz eta psikologikoaz gain, “emakumeen konfiantza eta segurtasuna sustatzeko”, teknika erraz batzuk irakatsiko ditu autodefentsa feministan aditua den Maitena Monroy irakasleak.
  • NOIZ: Ikastaroa urriaren 8an (zapatua) izango da: 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era, Inazio Bereziartua Musika Eskolan.
  • IZENA EMATEKO: Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailera jo behar da urriaren 5a baino lehen (Elgoibarko Udala, Foruen Plaza z/g) edo eta 943 257 986 telefonora deitu. Ikastaroa doan izango da.