Maite Maiora mendaroarrak irabazi du Sorginen Lasterketa

elgoibarren.net 2011ko ira. 14a, 13:23

Sorginen Lasterketa mendi proba jokatu zuten domekan Urkiolako Parke Naturalean, eta emakumezkoetan, Maite Maiora izan zen irabazlea. Bestalde, mendi lasterketak laga gabe, Edu Uribe Tor de Geants proban parte hartzen ari da, Aosta bailaran (Italia). Irailaren 11n hasi zen proba eta datorren domekara arteko epea dute ibilbidea (330 km) osatzeko.


Maiora sasoi betean
  Maite Maiorak 2 ordu, 22 minutu eta 53 segundo behar izan zituen IV. Sorginen Lasterketa (25 km.) irabazteko. Helmugan ia sei minutuko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Montserrat Vazquezi. Izaskun Lazkano sailkatu zen hirugarren postuan. Aipagarria da sailkapen nagusiko 31. postuan sailkatu zela Maiora. Lehen postuari esker, gainera, mendi lasterketen ISF Munduko Koparako 100 puntu eskuratu zituen Euskal Selekzioko kide den Maiorak. Puntu horiei esker postu asko igo ditu sailkapen nagusian. Eta, are garrantzitsuagoa dena, Italian jokatuko den Munduko Kopako azken probara moralez gainezka joango da antxitxikari mendaroarra. Datorren domekan (irailak 18) jokatuko da Sentiero delle Grigne SkyMarathon lasterketa, Pasturon, Italiako Lecce probintzian.

1706638793031 Maite Maiora mendaroarrak irabazi du Sorginen Lasterketa

1706638793074 Maite Maiora mendaroarrak irabazi du Sorginen Lasterketa

 Maiorarekin batera, beste bi ordezkarik hartu zuten parte Sorginen Lasterketan: Gotzon Zulaika mendaroarrak lasterketa bikaina egin zuen eta meritu handiko bederatzigarren postua eskuratu zuen 2:14:06 denborarekin; eta, bestalde, Iñaki Etxabe elgoibartarrak 2:57:09 denbora behar izan zuen. Guztira, 194 lagunek lortu zuten proba amaitzea (ikus hemen sailkapenak)

Edu Uribe Tor de Geants proban

1706638793133 Maite Maiora mendaroarrak irabazi du Sorginen Lasterketa

Tor de Geants (Erraldoien Dorrea) Italian, Aosta bailara ezagunean, jokatzen den mendi lasterketa ikaragarria da. Proba honen gogortasunaz jabetzeko zifra eta datuei erreparatu besterik ez dago: 330 kilometroko ibilbidea, 24.000 metroko desnibela goraka, proba amaitzeko 150 orduko epea… (ikusi beheko bideoan) Aostako bailarari itzulia emanez, Mont Blanc mendiaren magaletik igarotzen da Tor de Geants. Hortaz, parte hartzaileak gora eta behera nekaezinean jardun beharko dute egunero. Igaro beharko duten leporik garaiena, esaterako, 3.396 metrotan kokatuta dago. Estraineko edizioan 356 lagunek hartu zuten irteera eta 179 bakarrik ailegatu ziren helmugara.
  Aurten, bigarren edizioan, 500 lagunek hartu zuten irteera, Courmayeurren, joan den domekan (irailak 11). Horien artean zegoen Edu Uribe. Lan erdiak eginak dituzte dagoeneko eta proba amaitzeko borrokan murgilduta jarraitzen du elgoibartarrak. Teknologiarekin nahi baino arazo gehiago izan baditu ere, bere blogean probako eguneroko modukoa idazten dihardu elgoibartarrak. Momentuz, 148 kilometrora arte ailegatu dela azaldu du Mendi Lasterketa blogean, hiru egunetan zazpi ordu bakarrik lo egin eta gero. Hala ere, indarrez ondo eta animuz hobeto dago. "Sufrikarioa iragankorra da, eustea garaitzea da, aintza betirako da!" laga du idatzita.
2010eko bideoa: