Barixaku honetan hasiko den Donostia Zinemaldiaren harira, lau film eskainiko ditu Ongarri Zine Klubak Irailean. Denak ere, 2011ko udaberrian eta udan, Espainian estreinatutako pelikulak dira. Tournee, Mathieu Amalric zuzendariaren filma izango da aurrenekoa. Gaur (21:30ean) eta bihar (22:15ean) eskainiko dute Herriko Antzokian.
•Tournee (irailak 15 eta 16)
- Zuzendaria: Mathieu Amalric. Aktoreak: Miranda Colclasure, Suzanne Ramsey, Linda Maracini. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 111 minutu.
- Aktore gisa eginiko lanengatik hainbat sari jaso ostean -tartean bi Cesar sari-, zuzendaritzaren bideari ekin zion Mathieu Amalric frantziarrak. Zuzendutako laugarren filmarekin irabazi zuen 2010ean zuzendari onenaren saria Cannesko jaialdian, Tourneé filmagatik hain zuzen. 40 urte betetzean, guztia laga eta Ameriketara hutsetik hastera joango den Parisko telebista ekoizle arrakastatsu baten istorioa zuzendu du Amalricek. Striptease-ko dantzari talde batek lagunduta itzuliko da Frantziara, baina Parisen egin asmo zuen birak porrot egingo du, traizio baten ondorioz. Iraganeko zauriak zabalduko zaizkio protagonistari. Drama da. (Iturria: Berria)
•Medianoche en Paris (irailak 17 eta 18)
- Zuzendaria:Woody Allen. Aktoreak: Owen Wilson, Marion Cotillard, Rachel MacAdams.
- Frantziako hiriburura negozioak egitera doan familia baten istorioa kontatzen du filmak. Bidaia honen ondoren, bizimodua aldatuko zaio ezkontzear den bikote gazte bati. Komedia erromantikoa da. (informazio osoagoa)
•Cirkus Columbia (irailak 22 eta 23)
- Zuzendaria: Danis Tanovic. Aktoreak: Miki Manojlovic, Mira Furlan, Boris Ler. Iraupena: 113 minutu.
- Bosnia-Herzegobina, 1991. Komunistak erori egin dira, eta Divko Buntic bere herrira itzuliko da, gurasoen etxea berreskuratzera. Hogei urtez Alemanian exiliatua egon ondoren, Mercedes gorriarekin, Azra bikote sexy eta gaztearekin, suertea eman dion katu beltzarekin eta poltsikoa txanpon alemaniarrez beteta itzuliko da. Erabaki gogorrak hartu beharko ditu. 2010eko Donostiako Zinemaldian Zabaltegi-Perlak sailean eskaini zuten filma da.
•No tengas miedo (irailak 24, 25 eta 26)
- Zuzendaria: Montxo Armendariz. Aktoreak: Michelle Jenner, Luis Homar, Belen Rueda.
- Montxo Armendárizek zorroztasun eta sotiltasun handiz helduko die haurren tratu txarrei; horretarako, gazte baten traumaren berri emango du. Txikitxotan aitak behartzen zuen neska gaztearen istorioa, hain zuzen. Karlovy Varyko zinema-jaialdiko Sail Ofizialerako aukeratu zuten eta Made in Spain Sailerako aukeratu zuten iazko Donostiako Zinemaldian. (informazio osoagoa)