Dena prest asteburuko atletismoaren jairako

elgoibarren.net 2011ko ira. 16a, 10:01

Zapatu honetan, hilaren 17an, jokatuko da Gau krosaren bigarren ekitaldia Elgoibarko kaleetan. Lasterketa ez ezik, baina, asteburu osorako egitaraua prestatu du Mintxeta Atletismo taldeak. Gaur (irailak 16) bertan zabalduko dute Leku-Ederren jarri duten karpa, eta kontzertuak, bertsolariak, afaria… denetik egongo da.(egitaraua dauka)



Zigor Diez.

Juan Mugerza krosa antolatzeko dirua batzea izango da helburu nagusia, baina horrekin batera, atletismoaren kontura herria girotzea ere bada antolatzaileen asmoa. “Ezin dugu guztia diru publikotik edo enpresa pribatuen dirutik finantzatu. Eskatuta bakarrik ezin da dena lortu. Gure kabuz ere dirua batu beharra ikusi genuen, eta horretan dihardugu. BTT irteerako bazkaria geuk eman genuen, serigrafiatutako guardasolak ere atera ditugu… Herriak ikusi dezala, guk ere lan egiten dugula”, azaldu du antolakuntza lanetan diharduen Zigor Diezek (ikusi hemen: BARREN astekariari eskaini egin elkarrizketa osoa).

 Iaz, estreinako edizioan, 168 lagunek parte hartu zuten nagusien lasterketan, tartean 15 emakumezkok. Irabazleak, berriz, Pedro Maria Muñoz del Pozo azkoitiarra eta Ainhoa Lendinez elgoibartarra izan ziren (ikusi hemen: I. Gau Kroseko argazkiak eta sailkapenak)

Aldaketak ibilbidean
Iaztik hona zenbait aldaketa egin dituzte antolatzaileek Gau Krosaren ibilbidean. Hala, 1.300 metro luzeagoa izango da aurtengo ibilbidea. Orotara, 7,7 kilometro egin beharko dituzte saltaka. Dagoeneko jende dezentek eman du izena Internetez, baina egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera. 16 urtetik gorako edonork hartu ahal izango du parte lasterketa nagusian, baina horren aurretik guraso eta umeen lasterketa ere egongo da.

•Atletismo jaiaren egitaraua:
Barixakua, 16
19:00 Karparen irekiera (Leku Eder parkean).
19:30 Kontzertua MP5 taldearekin.
21:00 Afaria: Sahieskia, patatak, entsalada, flana eta kafea. 11 euro. (Edaria aparte).
22:30 Bertso saioa
Ondoren, kontzertua MP5 taldearekin.

Zapatua, 17
18:30 Haur krosa: Umeen eta gurasoen lasterketa.
20:00 Gau krosa (Plaza Handian).
21:15 Afaria: Sahieskia, patatak, entsalada, flana eta kafea. 11 euro. (Eraria aparte). Korrikalariek bi euroko deskontua izango dute.
23:00 Musika DJ Iban Burgañarekin.