Euripean jokatu da aurtengo Gau Krosa, baina parte hartu zuten 200 lagunek, eta giro hezeari aurre eginez kale bazterretan bildu ziren ikusleen animoek giro ederra jarri zuten zapatu iluntzean Elgoibarko kaleetan. Aipagarria da, bestalde, emakume asko animatu direla aurten parte hartzera, 35 emakume hain zuzen ere.
Lasterketei dagokionez, Yeray Varela eta David Garcia nabarmendu ziren guztien gainetik. Oñatiarrak eta durangarrak lehia polita eskaini zuten, eta amaierara arte ez zen proba nork irabazi behar zuen argitu. Azkenean, Varelak zortzi segundoko aldea atera zion helmugan Garciari. Hortaz, iaz bezalatsu, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Garcia durangarrak, oraintsu San Antolin auzoko herri lasterketa irabazi duen korrikalariak. Lehen elgoibartarra, berriz, Roberto Gonzalez izan zen. Bosgarren postuan ailegatu zen Gonzalez Plaza Handiko helmugara. Emakumezkoetan, erakustaldia eman zuen Cristina Loeda eibartarrak. Bi minututik gorako aldea atera zion helmugan iazko irabazleari, Ainhoa Lendinez elgoibartarrari.