Herrizaingo Saileko iturrien arabera, domeka arratsaldean, 14:00ak aldera jaso zen gertaera, erdiguneko taberna batean. Ertzainek jasotako salaketan ageri denez, erasoaren biktima ustezko erasotzailea zegoen taberna berean sartu zen. Erasotzaileak ikusi zuenean, -biek elkar ezagutzen dute- denek entzuteko moduan gaizkiesaka hasi zen erasotzailea. Egoera ikusirik, tabernatik alde egitea erabaki zuen orduan salaketa jarri duen gizonezkoak. Une horretan, tabernako mahaietako batean zegoen labana hartu eta bizkarrean sartu zion 26 urteko gizonezkoak. Eibarko Ertzain Etxeko agenteek, Elgoibarko udaltzainekin elkarlanean, atxilotu zuten ustezko erasotzailea eta epaileren eskuetan laga zuten astelehenean.