Elgoibarren jokatuko da, zapatuan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako saio bat

elgoibarren.net 2011ko ira. 30a, 11:01

 
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa final zortzirenetan sartu da, eta hurrengo saioa Elgoibarren jokatuko da, zapatu honetan (urriak 1). Bertso saioa 17:30ean hasiko da, Herriko Antzokian. Sarrera arruntak 8 euro balio ditu, eta gazteentzako sarrerak, 3 euro.

 

 Egoitz Eizagirre oriotarra, Jokin Uranga azpeitiarra, Joxe Munduate ataundarra, Mikel Arrillaga eibartarra, Oier Aizpurua zarauztarra eta Unai Gaztelumendi añorgarra izango dira Elgoibarko saioko partaideak. Final zortzirenetan, zazpi saio jokatuko dira guztira eta horietako bat da Elgoibarkoa.

Uxue Alberdik Lasarte-Oriako saioan
Bi elgoibartarrek parte hartu dute aurten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan: Mikel Olaizolak ez zuen sailkapen fasea gainditu, eta Uxue Alberdik , bestalde, final zortzirenetako Lasarte Oriako saioan parte hartuko du, urriaren 8an. 2007an Gipuzkoako txapelketako final aurrekoetara heldu zen Uxue Alberdi.