Manzisidor eta Amilibia nagusi Aiastiako maldetan

elgoibarren.net 2011ko urr. 2a, 13:51

Igon Manzisidorrek irabazi du auzoko jaien egitaraui barruan antolatu duten San Migelgo V. Korrika Igoera. Emakumezkoetan ez da ezustekorik egon. Nerea Amilibia aiarrak jarraian lortzen duen laugarren garaipena eskuratu du. (argazkiak dauzka)


  Igon Manzisidor Debako antxitxikariak 20 minutu eta 45 segundotan egin du Plaza Handitik Murkaikupe frontoirainoko bost kilometroko ibilbidea. Bi minutu eta erdi baino gehiago atera dizkio helmugan bigarren sailkatuari, Igor Fernandez eibartarrari. Dena dela, Asier Cuevas eibartarrak iaz ezarri zuen errekorretik (18:35) urrun geratu da Manzisidor. Parte hartzaileek malda pikoez gain bero sargoria izan dute korrika egiteko arerio nagusia eta igarri da egin dituzten denboretan. Mendaron bizi den Jon Revert elgoibartarra sailkatu da hirugarren postuan, 23:03 denborarekin. Lehen auzotarra, berriz, Fernando Loiola izan da. 
 Emakumezkoei dagokionez, laugarren garaipena lortu du Nerea Amilibiak (24:28). Alabaina, aiarrak ezin izan du iaz ezarri zuen errekorra (24:09) ondu. Ainhoa eta Nerea Lendinez ahizpak sailkatu dira, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan.
 Iazkoarekin alderatuta asko jaitsi da aurten parte hartzaile kopurua: 46 lagunetik 18ra, hain zuzen ere. Ekitaldi ugarik bat egin dute asteburuan (Kilometroak Azpeitian, Reala eta Athleticen arteko derbya Donostian, Zumaiako krosa zapatuan…), eta horiek izan dute zerikusirik parte hartzaileen kopuruan, antolatzaileen esanetan.
Gizonezkoak:
   1. Igon Manzisidor (20:45)
   2. Igor Fernandez (22:16)
   3. Jon Revert (23:03)
Emakumezkoak:
   1. Nerea Amilibia (24:28)
   2. Ainhoa Lendinez (25:02)
   3. Nerea Lendinez (28:08)
Argazki guztiak Picasan dugun kontuan.