Iban Barrenetxeak irabazi du Euskadi saria literatura lanaren ilustrazioaren atalean

elgoibarren.net 2011ko urr. 4a, 08:59

 
Bombastica Naturalis lanagatik (A buen paso) jaso du Iban Barrenetxea ilustratzaile elgoibartarrak 2011ko Euskadi Literatura Sarietako bat, literatura lanaren ilustrazioen atalari dagokiona, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak banatzen ditu Euskadi sariak.

 
 

 Prentsara bidalitako ohar baten bidez (PDF) jakinarazi dituzte zein diren aurtengo Euskadi Literatura Sarien irabazleak. Bertan ageri denez, literatura lanaren ilustrazioaren atalean Iban Barrenetxeak jaso du Euskadi saria, Bombastica Naturalis lanagatik. Epaimahaikideen gustukoa izan da oso Barrenetxearen lana, hiru lan finalisten artean elgoibartarrak eginiko bi lan aukeratu dituzte-eta: saritutako Bombastica Naturalis eta El cazador y la ballena (OQO). Barrenetxeak 18.000 euro jasoko ditu saritzat eta 4.000 euroko beste sari bat lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaiaren arrazoiketa
  Hona hemen Barrenetxearen lana saritzeko epaimahaiak zabaldu duen arrazoiketa: "Ibanen ilustrazioek oso diseinu dotore eta dinamikoa dute, eta akabera preziosista dute argiztapenean eta egituretan; xehetasun txikienez ere arduratu egin da.Testua ezin hobeto harmonizatzen da marrazki zehatz eta zorrotzekin, baina korapilatsua izan gabe. Kolore-sorta (beltzaranak, okreak eta berdeak) landareen munduarekin antzeratzen da eta hantxe hartu du arnasa istorio osoak. Horrela bada, lanak sakondu egingo gaitu oso mundu oniriko eta pertsonalean, irakurlea txunditzeko modukoa; hori guztia, ilustrazioen dinamika landuari esker. Ilustrazio horiek xehetasunez betetako orrialde osoan zabalduko dira jolasti".

Iban Barrenetxea (Elgoibar, 1973), biografia laburra

1706638733459 Iban Barrenetxeak irabazi du Euskadi saria literatura lanaren ilustrazioaren atalean

Elgoibarren 1973an jaio nintzen. Autodidakta naiz eta oraindik ikasteko fasean nago. Ilustrazioak eta liburuak beti nire buruaren parte izan dira. Denbora luzea behar izan nuen nire pasioa lanbide bihur nezakeela ulertzeko. Behin, 10 urtez diseinugile grafiko moduan lan egin ondoren, saiatzeko ordua zela erabaki nuen. Nire lehen album ilustratua argitaratu nuen 2010eko otsailean, OQOk argitaratu zidan. El cazador y la ballena da eta Paloma Sanchez Ibarzabalek egin zituen testuak. Ondoren Bombastica Naturalis (A buen paso, 2010) egin nuen. Nik idatzitako testuarekin egindako lehen liburua. Liburua finalista izan zen APIC antolatutako "Junceda Iberia" sariko aurreko edizioan. Ohorezko plaka lortu du orain dela gutxi Bratislavako Bienalean. 2011n Alicia en el País de las Maravillas (Lewis Carroll, Anaya Argitaletxea) heldu zen liburu-dendetara eta laster klasikoen beste egokitzapen batzuk izango dituzue ikusgai: Otra vuelta de tuerca (Henry James, Teide Argitaletxea), Un panal de rica miel (F. M. Samaniegoren fabulen aukeraketa, Edelvives), eta baita El cuento del carpintero (A buen paso) liburua ere. Lan honetako testuak eta ilustrazioak burutu ditut. Erakusketak: 2010 - Le immagini del fantasiaren 28. edizioa, Sàrmede, Italia 2011- Irudigile Gipuzkoarrak (Donostia)- Bratislava Bienala- 29. edizioa Le immagini del fantasia, Sàrmede, Italia.

‘Bombástica Naturalis’

1706638733525 Iban Barrenetxeak irabazi du Euskadi saria literatura lanaren ilustrazioaren atalean

Bizitza osoan xede horrekin lan egin ondoren, irakurle maitea, zure begien aurrean jarriko ditut nik sortutako espezie batzuk. Eta ondoko helburu apalarekin jarriko ditut: liburu hau gerora begira fruituak sortuko dituen hazi bat bihur dadin. Etorkizun horretan dena beste modu batekoa izango da: itsasoak zeharkatzen dituzten bela-ontziak, leihotik ikusten dituzun gurdiak eta, batek daki, agian baita esku artean duzun liburua ere. Bombastus Dulcimer doktorea, 1810eko irailaren 19a.

1706638733605 Iban Barrenetxeak irabazi du Euskadi saria literatura lanaren ilustrazioaren atalean

1706638733714 Iban Barrenetxeak irabazi du Euskadi saria literatura lanaren ilustrazioaren atalean