Jon Larrañaga Euskal Herriko txapeldun lokotx biltzen

elgoibarren.net 2011ko urr. 4a, 13:49

 
Jon Larrañaga mendaroarrak Euskal Herriko Lokotx-Biltze Txapelketa irabazi zuen, joan den domekan, Aizarnazabalen. Txapelketa zazpi aldiz irabazia duen Fernando Etxegarai beratarra sailkatu zen bigarren postuan.

 
 


 Herri kiroletako bi txapelketa jokatu ziren domekan (urriak 2) Aizarnazabalen: Euskadiko III. Mailako Aizkora Txapelketako finala eta Euskal Herriko Lokotx-biltze Txapelketa. Bigarrengoan zazpi kirolari aritu zien lehian, hiru txandatan banatuta: Alberto Ibañez (Gasteiz, Araba), Gorka Alegria (Araba), Alfonso Alvarez de Eulate (Algorta, Bizkaia), Eneko Garmendia (Baliarrain, Gipuzkoa), Jon Larrañaga (Mendaro, Gipuzkoa), Fernando Etxegarai (Bera, Nafarroa) eta Andoni Lasaga (Etxalar, Nafarroa).

  Hirugarren txandan bi gipuzkoarrak, Larrañaga eta Garmendia aritu ziren lehian. Kirolari bakoitzak 1,25 metroko tartean jarritako 50 lokotx bildu behar izan zituen, eta, azkenengo Gipuzkoako Lokotx-Biltze txapelketan alderantziz izan bazen ere, Garmendiaren aurretik sailkatu zen Larrañaga domekan. Garmendiak lau aldiz irabazi du Gipuzkoako Lokotx Biltze txapelketa, guztietan ere Larrañagaren aurretik -2008koa irabazi zuen Larrañagak-. Hala bada, plaza egokian mendekua hartu zuen 29 urteko kirolari mendaroarrak. Garmendiak eginiko lana hobetzeaz gain, zazpi kirolarien artean denborarik onena (6:22) egin zuen. Hamabi segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari, txapela irabazteko hautagai sendoa zen Fernando Etxegarairi. Txapelketa zazpi alditan irabazi duen kirolariari irabazteak balio erantsia ematen dio Larrañagaren garaipenari. Txapelketara “oso ondo” prestatuta joan zela azaldu du mendaroarrak eta pozik dago oso lortutako txapelarekin.
2011ko sailkapena:
  1. Jon Larrañaga: 06:22
  2. Fernando Etxegarai: 06:34
  3. Eneko Garmendia: 06:35
  4. Alfonso Alvarez de Eulate: 06:48
  5. Andoni Lasaga: 06:56
  6. Alberto Ibañez: 06:58
  7. Gorka Alegria: 07:09