Gizakiak eta hiriak, erakusketa batean lotuta

elgoibarren.net 2011ko urr. 4a, 16:28

Ezaguna da azpeitiarren eta azkoitiarren arteko ‘pikea’. Oraingoan, ordea, sestrak alde batera laga eta indarrak batu dituzte Udane Juaristi azkoitiarrak eta Pedro Luengo azpeitiarrak. Gizakiak eta hiriak uztartzen dituen erakusketa bat da bi artisten lanak areto berean batzearen emaitza. Urriaren 16ra arte egongo da ikusgai, Kultur Etxeko erakusketa gelan


 Pedro Luengo Lazkanok 13 margolan erakutsiko ditu erakusketan. Pertsonak eta haien egoerak irudikatzen ditu Luengok bere koadroetan, eta lur koloreak, marroiak bereziki, erabiltzen ditu oihalean egindako margolanetan.
 Udane Juaristi Ibañezek (Azkoitia, 1985), bestalde, 15 margolan dauzka ikusgai erakusketan, guztiak oihalean margotutakoak. “Teknika mistoaz egindako koadroak dira eta giro urbanoa da denetan protagonista”, azaldu du Juaristik. Lisboa, Madril, Helsinki edota Bilbo eta Donosti moduko hiriak ageri dira margolanotan.

Pedro Luengoren eta Udane Juaristiren margo erakusketa.
  • Astegunetan: 18:30-20:30
  • Lanegunetan: 12:00-14:30/19:00-21:00
  • Igandeetan: 12:00-14:30
  • Kultur Etxeko erakusketa gelan