Elgoibarko toki-izenak

Elgoibarko Izarra 2011ko urr. 7a, 08:58

Elgoibarko 3.000 toki-izen jaso, bildu eta arautu dituzte Amaia Pinachok eta Nerea Alabak, Mondragon Unibertsitateko irakasleek, Udalak emandako Gotzon Garate bekari esker. Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko idazkaria den Mikel Gorrotxategiren zuzendaritzapean, bi neska arrasatearrak izan dira Elgoibarko Toponimia lana egin dutenak. Hori bai, haiek aitortu duten moduan, “elgoibartarren laguntzarik gabe, jende nagusiarena bereziki, ezinezkoa izango zen egin dugun lana egitea”.


1706638727150 Elgoibarko toki-izenak

Herenegun (urriak 5) izan zen toponimia lanaren aurkezpena. Elgoibarko Izarrak eta Udalak antolatutako Izanaren izena egitasmoko lehen emanaldian 35 lagun inguru elkartu ginen, eta oso giro egokia sortu zen. Kultur Etxera azaldutako jendeari ongi-etorri egin ondoren, hitzaldiarekin hasi ginen.

Toponimia lanaren helburuak
Amaiak eta Nereak aitortu zigutenez, lana luzea eta neketsua izan da; 16-18 hilabete behar izan dituzte, eta zailtasunak handiak izan dira. Artxiboetara jo dutenenean, adibidez, arazo asko izan dituzte hango paperak ulertzeko.

Zein izan dira lanaren helburuak? Lau dira, batez ere, egin duten lanaren helburuak:
  1. Elgoibarko toponimia aztertzea eta biltzea.
  2. Leku-izenak gordetzea, eta galdutakoak berreskuratzea.
  3. Toki-izenak arautzea.
  4. Toponimia gizarteratzea.
  Neska biak arrasatearrak izanik, Elgoibar ezagutzea izan zen haien lehen lana. Gero, Oñatiko artxiboan eta Eibarko erregistroan egon ondoren, elkarrizketen txanda ireki zuten. Bost kaletar eta baserri-auzoetako beste 40 lagunekin egon ziren. Jasotako toki-izen guztiak mapa batean kokatu zituzten gero, eta herritarrekin kontrastatu zuten ordura arte jasotako informazio guztia. Toponimoak mapan kokatu ondoren erakusketa bat antolatu zuten, eta horren atzetik etorri ziren herritarren zuzenketak eta ekarpenak. Azkenik, jasotako toki-izen guztiak egiaztatu eta arautu zituzten, Euskaltzaindiaren gidaritzapean.
Toponimia lan bat sekula ez dela amaitzen nabarmendu ondoren, abendurako Elgoibarko toponimia-mapa eta esku-orriak ere prest izango direla esan ziguten bi neskek.

Zer da, baina, toponimia? Zertarako gastatu dirua toponimia jasotzen?
  Amaiaren eta Nerearen azalpenen ondoren, Mikel Gorrotxategik hartu zuen hitza. Zer da toponimia? Hori izan zen Mikelek airera bota zuen estreinako galdera. Haren esanetan, garai batean toponimia ezinbesteko tresna bat zen, gauzei izena emateko eta elkar ulertzeko balio zuena. Gerora, tresna baino gehiago bihurtu zen, balio historikoa eta kulturala zuelako, eta norberaren nortasunaren berri emateko balio zuelako. Orain, berriz, toponimiak ez dauka esanahi berezirik; etiketak baino ez dira.

  Bizi dugun krisi garaian, merezi al du toponimia lan batean dirua gastatzeak? Mikelen iritziz, bai, dudarik gabe. Toponimia gure ondarea delako, gizadiaren ondarea delako, eta zaindu egin behar dugulako. Besteak beste, gure historia islatzen eta erakusten digu, eta herri baten nortasuna ere badago toponimiaren azpian. Mikelek esan zigun moduan, ez da gauza bera Gipuzkoa edo Guipuzcoa ikustea.

  Atal honekin amaitzeko, leku-izenak arautzea ezinbestekoa dela ere esan zigun. Eta hori ulertzeko, adibide batzuk jarri zizkigun. Non daude Arguya, Seani edo Sátamo? Guretik oso aparte ez dauden herrien izenak dira, baina bertakoek esaten duten moduan idatzita daude. Horregatik komeni da toponimia horiek arautzea eta finkatzea. Arrigorriaga, Zeanuri eta Zaratamo dira benetako izenak.

Elgoibarko leku-izenak
  Hitzaldiaren amaierarako laga zituen Mikelek Elgoibarko leku-izenen gaineko azalpenak. Elgoibar Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan egonik, leku-izenak modu batera eta bestera ikusi ahal ditugula esan zigun. Aiastian solo esaten bada, Azkaraten soro esaten da. Baina barruko mugek ez ezik, kanpoko eragina ere izan dute Elgoibarko toponimoek. Elizak, adibidez, eragin handia izan du gurean, eta Aiastia zena San Miguel bihurtu zen; edo Idotorbe zeritzanari, San Pedro deitu zaio luzaroan. Zorionez leku horien jatorrizko izenak berreskuratzen dihardugu elgoibartarrok, poliki-poliki bada ere. Eta euskara batuak ere izan du eraginik gure leku-izenetan. Euskara batuan jartzeak prestigio handiagoa duelakoan, izenak aldatu dira.

Joan diren munduen oihartzuna
  Elgoibarko toponimia aztertzen jardun dutenean, dagoeneko desagertu den munduaren oihartzuna jaso dute. Ikus ditzagun adibide batzuk:
  • Sinesmenari lotutakoak: Amabirginasoloa edo Pagobedeinkatua.
  • Animaliei lotutakoak: Anzarsoroeta edo Mandopotzua.
  • Lanbidei lotutakoak: Errementaribaso edo Danbolintxorroa.
  • Bizimoduari lotutakoak: Mastizarra edo Liñapotzualdea.
  • Paisaiari lotutakoak: Agiñatx.
  • Jabetzari lotutakoak: Enekosoro edo Frailegaztañadi.
  Elgoibarko toponimian hizkuntza aldaketak ere egon direla esan zigun Mikelek. Hala, lehen Jauregi zen etxea, Palazio da gaur egun, euskaratik gaztelaniara salto eginez. Toponimo guztiak zaharrak edo lehengoak ez direla ere esan zigun, eta Tokialai, Amaiur edo Giza Eskubideak bezalako izenak ikusten ditugunean, bistan da berriak direla.
                        ***
  Hitzaldia amaitu ondoren, galdera-erantzunen atea ireki zen, eta hiruzpalau lagun animatu ziren. Karakaten gainekoa izan zen bat, eta Elgoibarko kaleen gainekoa, bestea. Elgoibar izena nondik datorren ere galdetu zuen batek (elge-landa + ibar), baina Mikel ez zen erantzutera ausartu, “hanka sartzeko arrisku handia dagoelako”.

1706638727249 Elgoibarko toki-izenak

1706638727338 Elgoibarko toki-izenak

 Txalo artean agurtu genituen Amaia, Nerea eta Mikel, eta urriaren 19rako jarri genuen hurrengo zita. Izan ere, Izanaren izena egitasmoko bigarren hitzaldia izango dugu orduan.  Jesus Mari Makazagaren txanda izango da, eta Elgoibarko euskararen gainean jardungo du. Bitxia da Makazagak bere hitzaldiari jarri dion izenburua: “Elgoibarren, astuak goen eta barren”: ekinaldi bat Elgoibarko euskararen gainean.