Sara Pagola: “Balentziaga oso diskretoa zen eta museoa handiegia irudituko litzaioke"

elgoibarren.net 2011ko urr. 14a, 11:24

 
Sara Pagola orain dela urtebete inguru hasi zen Cristobal Balentziaga Fundazioan lanean, eta bere zereginik garrantzitsuenetarikoa Getarian dagoen museoa martxan jartzea izan da. Gaur egun Cristobal Balentziaga museoko gerentea da Donostian bizi den elgoibartarra. Orain dela hiruzpalau hilabete zabaldu zuten museoa, eta momentuz, harrera oso ona izan duela azaldu du.

  

Orain arte elikadura sektorean ibilitakoa zara. Nola iritsi zara Balentziaga museora?
Bai, hasieratik elikadura-munduan egin izan dut lan. AZTI-Sukarrietan hasi nintzen, kudeaketa munduan, ISO 9000 eta EFQM metodoak elikagai-enpresa handietan eta estatuan ezartzen. Horrek Buenos Airesera eraman ninduen, hemen ikasitakoa han ezagutaraztera eta erakunde bat martxan jartzera, Instituto de Calidad Alimentaria Vasco-Argentino, alegia. Hiru urte eman nituen, hango bazkidea aurkitu, lana irakatsi eta eraikinarekin batera dena martxan jarri arte. Itzuli eta bi urtera, ELIKArako proiektu bat egiten nengoela, Fundazioa kudeatzea eskatu zidaten. Han beste 8 urte eman nituen, erakundea berrantolatu eta plan estrategikoa ezarri arte. Nire ametsa Donostian eta kultura-munduan lan egitea zen, eta, horregatik, bi lekutan bota nuen curriculuma. Horrela heldu nintzen Cristobal Balenciaga Fundaziora, orain dela urtebete. Fundazioaren kudeaketan, Museoa martxan jartzea izan da helburu nagusia; horrela, bada, azken urte honetan, oso lanpetuta ibili naiz zeregin horretan. Orain, beste etapa batean gaude.

Zein da zure eguneroko lana museoan?
Beno, nahiz eta beste etapa batean egon oraindik gauza asko dago egiteko, museoa martxan edo egunean jarri arte. Eraikinean oraindik hobekuntza edo ekipamendu batzuk jarri nahi ditugu. Antolamenduan ere dena ezartzen hari gara: iradokizunen prozeduratik hasi eta babesle-planera arte. Baina, bide batez, udazkeneko egitaraua, organigrama berria eta abar bideratu behar dira.,

Ekainean zabaldu zen Balentziaga museoa. Nolakoa izan da hasiera?

1706638700608 Sara Pagola: “Balentziaga oso diskretoa zen eta museoa handiegia irudituko litzaioke"

Oso ona. Hasieratik, zabaldu aurretik, komunikabideetan eta nazioartean sortu zen interesak oso harritu ninduen, eta denei erantzutea oso lan handia izan da. Dena den, ederto tratatu gaituzte. Jendearen erantzuna ere bikaina izan da, bisitari kopurua oso handia izaten ari da eta. Horri eustea izango da gure erronka, hemendik aurrera. Getariako herriak ere goitik behera aldatu du Museorekiko zuen ikuspuntua. Orain, herritarrek parte hartzen dute, gauzak egiteko proposamen eta guzti. Nahiz eta museoa irekitzen oso lanpetuta izan garen, kulturaren eta didaktikaren alorreko ekintzak ere egin nahi genituen udan, eta tailer batzuk egin ditugu. Bestalde, afari-kontzertuekin, gauez ere zabaldu egin dugu museoa. Ekintzok arrakasta handia izan dute, nahiz eta hasiera izan eta oraindik asko egon hobetzeko. Ezin izan diogu izena eman nahi zuen jende guztiari erantzun, eta, oraindik ere, jende askok deitzen du, hurrengoa noiz izango den galdetzeko eta izena emateko, programa irten baino lehen…

Zein da museoa bisitatzen dutenen profila?
Denetarik dago, eta denak nahastuta etortzen dira. Batzuetan, turistaren profila ikusten duzu, bermudekin eta biserarekin, eta, aldamenean, oso ondo jantzita doan jendea. Badago publiko mota bat, Balentziaga museora etortzeko dotore janzten dena. Inguruko jende nagusia, modista izandakoa edo Cristobal ezagutu zuena, gogo handiarekin etortzen da erakusketa ezagutzera. Nazioartean hemen baino ezagunagoa eta mirestuagoa izan zen Balentziaga, eta, agian horregatik, bisitarien % 12 Frantziatik etortzen da. Aurtengo Zinemaldian izan den Catherine Deneuvek ere Museoa ezagutu nahi izan zuen, eta katalogoak hartu zituen, bere lagun diseinatzaileei opari gisa eramateko. Estatu Batuetako Epaimahaiko lehendakari Frances Macdormanek ere interes handia erakutsi zuen Museoa ikusteko. New Yorkeko udazkeneko erakusketa ere ikusi zuen, eta ezin genuen beira-arasetatik atera… Beste bitxikeria bat: hiru belaunalditako familia osoak ikustea ere oso normala da, hau da, aitita-amamak, gurasoak eta umeak.
Turismoa handitu al da museoari esker?
Ba bai, hori esaten digute turismo-bulegotik, dendetatik eta jatetxeetatik. Lehen esan dudanez, herria oso pozik dago. Udan eguraldi oso txarra izan dugunez, Zarauzko ostalariak kexu ziren; Getariakoak, ordea, oso pozik.

Museoaren eraikina ere berezia da. Azalduko diguzu apur bat zer ezaugarri dituen eraikinak?

1706638700712 Sara Pagola: “Balentziaga oso diskretoa zen eta museoa handiegia irudituko litzaioke"

Eraikinak oso eremu desberdinak ditu: alde batetik, jauregia eta, bestetik, eraikin berria. Jauregia aldi baterako erakusketak egiteko ari gara prestatzen, eta, denborarekin, dokumentazio-zentro bat ere izango du. Eraikin berriak ere hiru arlo oso bereizi ditu: eraikin didaktikoa (eskola izango dena), museoa bera eta eraikin administratiboa, errestaurazio-lantegia barne duena. Halaber, museoak leku handia du beheko solairuan: sarrera, denda, erabilera anitzeko gela (kontzertuak, afariak, zinea eta abar egiteko) eta kafetegia. Erakusketa zintzilik dauden hiru kuboetan dago, eta, horrela, babestuta dago argitik.

Balentziaga museoa museo bat baino gehiago dela entzun dugu. Zer esan nahi duzue horrekin?
Lehen esan dudanez, didaktikaren eta aisialdiaren alorretako ekintzekin publiko mota guztietara zabaldu nahi genuen museoa. Hau da, erakusketari hainbat ikuspuntutatik balioa eranstea zen helburua. Horrelako ekintza gehiago ere egingo ditugu: eskoletarako ikastaroak, lantegiak, gaueko bisitak eta afariak noiz behinka, behin-behineko erakusketak… Hori guztia, baina, bere garaian jakingo duzue, orain dena pil-pilean dago eta.

Zertan oinarritu zarete museoa egiterako orduan?
Era honetako museo bakarra da munduan, diseinatzaile bakarrari eskainitako museo bakarra. Diorrek badu bat, baina oso txikia da, eta udan zabaltzen du soilik. Azkenaldian, diseinatzaile askoren erakusketak daude museotan. Alexander McQueeni Metropolitan Museumen eskaini diotena, 141 urtean bisita gehien jaso duen zortzigarrena izan da. Jean Paul Gaultierrek bisitatu gintuen, eta berak Montrealen dauka erakusketa bat orain. Madrilen Yves Saint Laurent izango da. Moda beira-arasetara pasatzen ari da, baina ez edozein diseinu, noski.

Balentziagaren ezkontza soineko baten aurrean.

{mosimage}
{mosimage} {mosimage}
Balentziaga bizirik balego, zer uste duzu pentsatuko lukeela museoari buruz?
Balenciaga oso diskretua zen, eta handiegia irudituko zitzaion…

Museoarekin batera, josten ikasteko eskola bat zabaltzea ere aurreikusi duzue.  Noizko egongo da prest?
Horretan gaude. Datorren urtean, hainbat ikastaro ematen hasiko gara; horrela, probak egingo ditugu, diseinu-eskola prestatuz goazen bitartean.

Pertsonalki, moda jarraitzen al duzu janzterako orduan?
Ez diot jaramon handiegirik egiten, nahiz eta batzuetan ezinezkoa den ez jarraitzea.