Dozenaka lagun batu ziren, joan den zapatuan, Asto-kaka jokoa ikusteko. Plaza Txikian batutako guztiek gauza bera jakin nahi zuten: Akeiko astoek non kaka egingo zuten. Lurra laukitxotan banatuta ez zegoen arren, erreferentzia modura, albo batean jarri zuten mapa batean ikus zitekeen erositako txartel bakoitzari plazan zegokion lekua.
Astorik gazteena, Kondesa, atera zen aurrenekoa. Orduerdiko tartea zuen kaka egiteko, baina aurkitu zuen moduan laga zuen Plaza Txikiko zorua, garbi eta kaka arrastorik gabe. Kondesaren ahizpa bat, Benita, atera zen gero. Lazkaoko Astotxo Egunean lehen saria irabazi du azken hiru urteetan Benitak, eta sariak jasotzen bakarrik ez, ematen ere badakiela erakutsi zuen Enkarterri arrazako asto dotoreak. Bost bat minutu zeramatzanean egin zuen kaka.
Topografoaren lana hasi zen orduan. Erreferentziak hartu, puntu kardinalak neurtu, eta 1.871 zenbakiari zegokion laukitxoan egin zuela kaka, egiaztatu zuen. Astoak eginiko kakak 2.000 euroko balioa hartu zuen orduan norbaitentzat. Jokoaren aurkezleek zenbaki irabazlearen berri mikrofonotik eman zutenean zurrumurru bat entzun zen lehenik, eta poz oihu bat gero. Plazan bertan zegoen txartel sarituaren jabea, Jasone Osoro.
Kondesak bigarren saria (1.000 euro) banatu gabe laga zuenez, antolatzaileek bi astoak berriz plazara ateratzea erabaki zuten, biak elkarrekin ‘lasaiago’ egongo ziren esperoan. Usteak erdi ustel, Kondesak lehor jarraitu zuen-eta, eta, Benitak ere ez zuen kaka gehiago egiteko gogorik eduki. Gauzak horrela, zozketak erabaki zuen 1.000 euroko sariaren irabazlea. 3.069 zenbakia atera zuen zakutik ume baten eskuak. Ander Zulaika mendaroarra da zenbakiaren jabea.
•Jende asko kontzertuetan eta babajanean
Asto-kaka jokoaren buelta ekintza sorta zabala antolatu zuen asteburuan Elgoibarko Izarrak. Musikari elgoibartarrekin (Mari Juli eta Agurtzane, Jon Gurrutxaga, Napoka Iria, Hankahutsik eta K-104) osatutako kontzertuak jende asko erakarri zuen, barixakuan, Leku Ederren jarri zuten karpara. (laster jarriko dugu kontzertuko bideoa) eta babajanean ere 130 lagun inguru elkartu ziren zapatuan.

•ARGAZKIAK (Argazki guztiak Picasan)