Jaime Arrese: “'Gorputza hutsik daukat ETA-ren erabakiaren aurrean'

elgoibarren.net 2011ko urr. 24a, 14:23

 
Joan den domeka honetan bete dira 31 urte Komando Autonomoek Jaime Arrese Arizmendiarreta elgoibartarra hil zutenetik. Bere semeak, Jaime Arrese Araolazak, elkarrizketa luze eta sakona eskaini zion Euskadi Irratiko Mezularia saioari, ETAk borroka armatua betirako lagatzen zuela eginiko adierazpenaren biharamunean. (audioa dauka)

 
 
  ETAren adierazpena espero zuen arren, poza ez dela erabatekoa adierazi zuen Jaime Arrese Araolazak Mezularia saioan. “Nahiko hotz geratu nintzen, aurrez aurreikusitako zerbait zelako eta nire kasuan sentimendu oso kontrajarriak laga zizkidan ETAren adierazpenak. Poza ez da erabatekoa eta poz horren ondoan tristura, pena, etsipena eta oroitzapen asko daude. Bizitza guztia albiste honen zain eta ailegatu denean gorputza hutsik dago, ez dago ezer. Denbora beharko da, eta pazientzia, albiste honek zer esan nahi duen interpretatzeko eta hezurmamitzeko”, azaldu du.
 ETAren adierazpena entzun osteko orduetan hiru pertsona izan ditu gogoan: “Lehendabizikoa nire aita, une hau bizitzeko eskubidea kendu egin zitzaiolako, nire ama, falta zaizkion urteak hobeto disfrutatzeko aukera izango duelako; eta, azkenik, nire semea, beste gizarte bat eta beste etorkizun bat bizi ahal izateko aukera izango duelako, hala bedi!”. Arresek bat egiten du aro berri baten atarian gaudela diotenekin eta aro berri horretaz gozatzeko irrikaz dago.
 1980ko urriaren 23an hil zuten Jaime Arrese. Erahilketa Komando Autonomoek bere gain hartu zuten. Sententziak azpimarratu zuenez atentatuaren egilea, berriz, Juan Carlos Arruti Azpitarte izan zen. Egun hartaz dituen oroitzapenak ere gogora ekarri ditu Jaime Arresek Jaime Otamendi kazetariaren galderei erantzunez. "Gauzak oso ondo gogoratzen ditut, baina amesgaizto bat izango balitz moduan".
 Aitaren erahilketaren aurrean Elgoibarko herriak izan zuen erantzunaz ere berba egiten du Arresek elkarrizketan. "Herriak ondo erantzun zuen momentu konkretu hartan, baina eguneroko jardunean konturatzen zara gauzak zenbat aldatu diren. Institutura bueltatu nintzenean, aitaren erailketa izan eta hiru lau egunetara, pare bat lagun bakarrik hurbildu zitzaizkidan, eta irakasle bat besterik ez. Gauzak aldatu egin dira. 31 urte beranduago holakorik ez litzatekeela gertatuko pentsatzen dut”.
  Aita hil eta hiru urtera Donostiara joan ziren bizitzera. “Elgoibar herri txiki bat zen eta giroa zen bezalakoa zen urte haietan: isiltasun handiak, keinuak, komentarioak, argazkiak non-nahi, oihuak, garrasiak eta probokazioak. Donostian anonimoagoa da bat eta lasaiago bizi daiteke, eta lasaiago bizi izan gara".
 Urte guzti hauetan aurrera egiten denborak laguntzen duela gaineratu du eta amaren jokaera goraipatu du. “Senitartekoon zutabea da ama. Berak erakutsi diguna ondoen jarraitzen saiatu gara gu. Bere etsenplurik gabe ez dakit non ibiliko ginatekeen”. 
∞Lotura duten albisteak: