Euskal izen-abizenekin bete-betean hasi aurretik, baina, Euskaltzaindiaren gaineko pare bat kontu aitatu zizkigun. Euskaltzaindia 1919an sortu zuten Hego Euskal Herriko lau diputazioek, Ekin eta Jarrai leloarekin. 28 euskaltzain osok eta hainbat urgazlek osatzen dute Euskaltzaindia, eta Bilbon dauka egoitza. Euskal Herri osoan legez ofiziala den erakunde bakarra da.
Mikel Euskaltzaindiako onomastika batzordeko idazkaria dela esan dugu, baina, zer da onomastika? Izen bereziak ikertzen dituen zientzia da, eta, besteak beste, ponte izenak, deiturak, leku izenak, santu izenak edo exonimoak (kanpoko izenak) aztertzen eta arautzen ditu.
Euskaltzaindiari erretratu azkar bat atera ondoren, hitzaldiaren hariari heldu eta gaur egungo euskal izenak aipatuz ekin zion Mikelek hitzaldiari. Nesken kasuan, Ane, Irati, Naroa, Uxue, Leire eta beste hamaika izen zerrendatu zizkigun. Mutilen kasuan, berriz, Iker, Jon, Unai, Ander, Mikel edo Oier bezalako izenak bota zituen. Baina garbi laga zigun gauzak beti ez direla horrela izan. Gure izenen historia luzea da, eta ez da beti goxoa izan (gure hizkuntzarena izan ez den moduan).
•Euskal izen zaharrenak, erromatar garaikoak
Mikelek esan zigunez, ezagutzen ditugun euskal izen zaharrenak erromatar garaikoak dira. Latinez idatzitako hilobietan azaltzen dira izen horiek: Andere, Bele, Bihotz, Haritz, Eneko, Seniko ...
Beranduago, Erdi Aroko dokumentuetan, euskal izen ugari ditugu. Batzuk euskarazkoak dira (Eneko, Gartzea, Hobeko, Otsanda, Unai ...), eta badaude latinari hartu eta euskarara ekarritakoak ere: Eritz (Felix), Luki (Lucius) ... Garai horretan lehen kristau izenak ere azalduko dira: Bladi, Eztebe, Garazi, Jakuz, Jurgi, Mikel ...
Baina XVI. mendean Trentoko Kontzilioa izan zen, eta horrek eragin handia izan zuen euskal izen-abizenetan. Besteak beste, administrazio zibileko erregistroan gaztelania edo frantsesa erabiltzea erabaki zen. Gainera, santu izenak jartzera behartu zuten jendea, euskal izenak baztertuz (Loiolako Eneko, adibidez, Ignazio de Loiola bihurtuz). Azkenik, derrigorra ez bazen ere, umea jaiotzen zen eguneko santu izena jartzeko gomendioa ere zabaldu zen (abuztuaren 24an jaioz gero, Bartolome izena jartzea gomendatuko zizuten).
Esan bezala, Trentoko Kontzilioak eragin handia izan zuen, eta urteek aurrera egin zuten heinean, euskal izenak desagertzen joan ziren. Kasu askotan toponimoetan baino ez ziren gorde euskal izenak.
•Euskal pizkundea eta Sabino Arana
Euskal izenen egoera tamalgarria ikusita, 1897an Egutegi Bizkaittarra argitaratu zuen Sabino Aranak. Bertan, gaur egun arruntak baina garai hartan ezezagunak ziren izen asko proposatu zituen: Iñaki, Koldo, Miren, Agurtzane ... Santutegia ere euskaratu zuen, eta hainbat euskal izen asmatu zuen.
Hasiera ez zen batere samurra izan. Eliza katolikoak propio debekatu zituen Sabino Aranak proposatu zituen euskal izenak, eta 1904ra arte ez zituen onartu. Erregistro Zibilean, berriz, 1930. urtera arte egon zen debekatuta euskal izenak erregistratzea. Bilboko kasuan, adibidez, 1930ean 1.094 haur jaio ziren eta 16k bakarrik jaso zuten euskal izenenen bat. Hurrengo zazpi urteetan gora egin zuen euskal izenen erregistroak, eta, 1937an, Bilbon jaiotako umeen % 22ak jaso zuen euskal izen bat. Baina 1937an gauzak aldatu egingo dira, okerrerako.
•Gerra Zibila eta debekuak
1936an sortu zuten Espainiako Gerra Zibila, eta horrek ere eragin handia izan zuen euskal izen-abizenen historian. 1938an, esaterako, euskal izenak erregistratzeko debekua etorri zen:
“La España de Franco no puede tolerar agresiones contra la unidad de su idioma, ni la intromisión de nombres que pugnen con su nueva constitución política”.
Euskal izena zuten guztiek joan behar zuten erregistrora izena aldatzera, baina Mikelek esan zigunez, ez ziren izan euskaldunak haien izenak aldatu zituztenak. Epaileak izan ziren, kasurik gehienetan, euskal izenak erdaratu zituztenak. Gainera, ez zituzten euskal izenak bakarrik aldatu; Lenin, Amor, Libertad edo Armonia bezalako izenak ere debekatuta zeuden. Mikelek erakutsi zigun dokumentu batean ikusi genuenez, Areetan 500 pezetako isuna jarri zioten herritar bati euskal izena izatearren, 1938ko urrian. Mikelek kontuak atera zituen, eta gaur egungo 3.000 euro dira orduko 500 pezeta! Diktadura garaiko beste pare bat kasu ere aitatu zizkigun. 1957an, Amaia edo Itziar bezalako izenak debekatuta zeunden, eta Maria Fin eta Maria Estrella izenak erregistratu ziren. 1970ean, berriz, Iruñeko epaile batek Amaia izena inskribatzea debekatu zuen:
- “Considerando que el vocablo Amaia ez extravagante e irreverente, supondría una afrenta al credo y sentimiento religioso católicos; apellidos propios de gitanos, de confusa identificación de persona (...) que induciría a error de sexo”. Amaia izena entzutean, bizardunen bat etortzen zaigu burura euskaldunoi, ezta?
1971n euskal izenak zulo beltzetik irteten hasiko dira. Euskal izenen pizkundea emango da, eta horretan zeresan handia izango du Jose Maria Satrustegi (Arruazu, 1930-2003) apaiz nafarrak. Euskal izendegia argitaratu zuen 1972an, indarrean zegoen legedia gainditzeko zirrikituak erabiliz. Mikelen esanetan, Satrustegiren lanak “erabat aldatu zuen euskal izen-abizenen historia”.
•Euskal izenak esportatzen ditugu gaur egun
Satrustegiri esker hasitako bideak ez du amaierarik izan, zorionez, eta, gaur egun, bertako izen jator gehien erabiltzen duen Europako eskualdea da Euskal Herria. Eta, gainera, euskal izenak esportatu ere egiten ditugu. Iker izena da, beharbada, horren adibide argi bat. Real Madrileko atezain ezagunak euskal izena dauka, eta badira kasu gehiago ere.
•Deiturak edo abizenak
Euskal izenen historiaren errepasoa egin ondoren, deiturei edo abizenei erreparatu zien Mikelek, izenei baino dezente denbora gutxiago eskaini bazien ere. Ezer baino lehen, munduan abizenak egituratzeko dauden sistema ezberdinen berri eman zigun. Eta deiturarik ez duten herriak ere badaudela esan zigun (Islandia, Tibet edo Birmania).
Europako kasuan, elizak XVI. mendean finkatu zuen deitura sistema, eta lau iturri nagusi dauzkagu deiturak osatzeko: patronimikoak, ezizenak, lanbideak eta toponimoak.
Euskal Herriko deituren kasuan, hiru eredu diferente dauzkagu:
- Itsasaldeko Euskal Herria (Bizkaia, Gipuzkoa eta Iparraldea): Deiturak etxe izenetatik hartzen dira gehienetan, eta askotan jatorria adierazten dute. Etxea eraiki aurreko izenak dira batzuk (Aresti, Elorriaga ...); beste batzuek etxearen ezaugarriren bat azaltzen dute (Etxebarri, Tellagorri ...); badira etxearen kokapena azaltzen dutenak (Agirre, agerian dagoen etxea, Zubiaurre ...); eta, azkenik, etxearen jabea azaltzen duten deiturak ere badira (Mitxelena, Arotzarena ...).
- Mediterraneoko EH (Arabako lautada eta Estellerria): Toponimo edo patronimikoz osatutako deiturak dira: Diaz de Arkaia, Lopez de Eulate ....
- Euskal Herri erdalduna: Gaztelako erresumako sistema edo sistemak erabili izan dira. Lanbideei lotuta (Molinero, Herrero ...); Toponimoei lotuta (Corcuera, Llaguno ...); patronimikoak (Lopez, Martinez ...); ezizenak (Garcia ...); patronimikoa + toponimoa (Gonzalez de Viñaspre)
Izanaren izena, izena duenak izana duelako. Hori izan da aurtengo hitzaldi-zikloaren leloa edo izenburua. Elgoibarko toponimiarekin ekin genion, eta gure herriko berbetiaren gainean jardun genuen bigarren hitzaldian; hirugarrena eta azkena euskal izen-abizenen gainekoa izan da.
Amaitu da hitzaldi-zikloa, baina programak segida izango du. Izan ere, laster Izenaren izana kanpaina jarriko dugu martxan; elgoibartarrok gure izen-abizenak euskaratzeko kanpaina, hain zuzen ere.
Amaitu da hitzaldi-zikloa, baina programak segida izango du. Izan ere, laster Izenaren izana kanpaina jarriko dugu martxan; elgoibartarrok gure izen-abizenak euskaratzeko kanpaina, hain zuzen ere.
BIDEOA: Mikel Gorrotxategiren hitzaldia oso-osorik.
{vimeo}31173158{/vimeo}