Argiñe Gabilondok zuzenduko du emakumeek bakarrik parte hartu ahal izango duten spinning saioa. Mintxetan eraiki duten spinning gela berrian izango da, azaroaren 26an, 10:30etik 11:45era. Mintxetako harrera gunera deitu (943 747 356) behar da izena emateko, betiere azaroaren 22a baino lehen.
•Spinning egiteko aukera zabalagoa
Mintxetako spinning gela berria irekitzearekin batera, kirol hori astean behin, birritan edo hirutan egiteko aukera eskainiko du Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, hil onetatik aurrera -prezioa saio kopuruaren araberakoa izango da-. Gainera, justifikatutako arrazoiak direla medio, norbaitek klaseren batera joan ezin badu, galdutako saioa berreskuratu ahal izango du aste horretan bertan; eta, beste orduren bateko saioan parte hartu.
Era berean, saio solteetara joateko aukera izango dute herritarrek aurrerantzean. Horretarako, Mintxetako harrerara deitu behar da, lekurik dagoen jakiteko. Bazkideek 5,75 euro ordaindu beharko dituzte eta 8 euro bazkide ez direnek.