Indarkeriaren "biktima guztiak" gogoratu ditu Udalak Memoriaren Egunean

elgoibarren.net 2011ko aza. 10a, 13:57

Memoriaren Eguna dela-eta, terrorismoak eta indarkeriak Elgoibarren eragin dituen "biktima guztiak" gogoratzeko ekitaldia egin dute gaur (azaroak 10), Elgoibarko Udalaren ekimenez. Batetik, Elgoibarko bandera haga erdian jarri dute, egun osoan, udaletxeko balkoian. Bestetik, lora sorta bat jarri dute EAJ, PSE-EE eta PPko zinegotziek Giza Eskubideen parkean dagoen Gernikako arbolaren urtadarraren babesean (ondoko argazkian).


 Terrorismoaren biktimak gogoratzeko Memoriaren Eguna egin zuten iaz, estreinakoz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde guztiek. Egutegian atentatuen ondorioz biktimarik egon ez den egun bakarra delako aukeratu zuten azaroaren 10a. Elgoibarko Udal Gobernuak biktimak gogoan izateko prestatutako ekintzetan parte hartu zuen eta bat egin zuen Oroimenaren Eguna izeneko adierazpen instituzionalarekin.
 Aurten, baina, Eusko Legebiltzarra ez da adierazpen bateratu bat adosteko gai izan, eta erakunde bakoitzaren esku laga du biktimak gogoratzeko ekitaldiren bat egiteko erabakia. Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak jakinarazi duenez, “EAJ alderdiak eta neuk alkate moduan ez genuen azken hiru urteetako dinamika eteteko arrazoirik ikusten -2008an eta 2009an ere gogoratu zituen Udalak terrorismoaren biktimak-. Are gehiago ETAren azken adierazpenak aro berri baterako itxaropenak piztu dituenean. Hortaz, Eusko Legebiltzarrak ez zuela ezer egin behar jakin bezain azkar, herenegun, jakinarazi nien gure asmoen berri gainerako alderdiei. Elgoibarko Udaleko alkate gisa, terrorismoak eta indarkeriak Elgoibarren eragin dituen biktima guztiak gogoratuz, eta honek eragin duen sufrimendua jasaten duten pertsonei babesa adieraziz, erabaki dugu ekitaldiok egitea”.
 Etxeberriak azpimarratu duenez, “errealitate desberdinak diren arren, ulertu behar dugu biktimen familiek eta presoen familiek sufrimendu handia jasaten dutela”. Horrexegatik dio, “zintzotasunez jokatu behar dela, egindako akatsak aitortuz, egindako kaltea onartuz, eta gaur egun ez dauden harremanak berreskuratzeko eta harreman berriak sortzeko lan eginez".

•Elkarbizitzarako urratsak
 Indarkeriaren biktimak gogoratzeko gaur (azaroak 10) egin dituzten ekitaldiak “sinbolikoak” direla nabarmendu du Etxeberriak, baina “lan handi bat” dagoela egiteko gaineratu du, elkarbizitza helburu duen prozesu bat abian jartzea, alegia. “Lan horri ematen diot nik benetako garrantzia. Horrelakorik ez da inon egin eta ekarpen handia egin diezaioke elkarbizitzari”, azaldu du. Eta zera argitu du: “Prozesuaren azken emaitzan alderdi sozialak bakarrik ageriko dira; beti ere, integrazioa, elkarbizitza, errespetua, sorrarazitako kaltearen errekonozimendua eta sufrimendua kontutan hartuta. Azken emaitzan ez dira helburu politiko zehatzak jasoko. Ez da esparrua, ezta xedea ere”.