1983ko ufaletan ez zen inor hil Elgoibarren. Hala ere, kalteak izugarriak izan ziren. 24 familia etxerik gabe gelditu ziren eta 1.200 milioi pezetako galerak zenbatu zituzten. Elgoibar hondamen-eremu izendatu zuten. Zoritxarrez, bost urte geroago, ufalen eraginez ere, beste hondamendi bat gertatu zen, elgoibartarrentzat aurrekoa baino larriagoa: 1988ko uztailaren 19an gainezka egin zuen Deba ibaiak eta zazpi lagun hil ziren herrian, batzuk automobila ateratzeko ahaleginetan. 1988ko ufaletan egun bakarrean bota zuen euri guztia, metro koadroko 170 litro ur, hain zuzen ere. Ibaiak gainezka egiteaz gain, ibaiadarretan eta inguruko mendietan pilatutako urek sekulako kalteak eragin zituzten. Ondoko taulan konpara ditzakezue datuak:
1983ko ufalak |
1988ko ufalak |
2011ko euriteak |
|||
Eguna | l/m² | Eguna | l/m² | Eguna | l/m² |
Abuztuak 23 |
21,8 | Uztailak 17 |
0 | Azaroak 4 |
23,8 |
Abuztuak 24 |
34,2 | Uztailak 18 |
9,5 | Azaroak 5 |
115,7 |
Abuztuak 25 |
113 | Uztailak 19 |
170 | Azaroak 6 |
135,9 |
Abuztuak 26 |
128 | Uztailak 20 |
0,5 | Azaroak 7 |
10,2 |
Guztira: 297 l/m² | Guztira: 180 l/m² | Guztira: 294 l/m² |
•Kaltetuentzako gomendioak
Euriteen biharamunean kaltetuen deiak jasotzen hasi zirela azaldu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak, eta euriteen ondorioz kalteak izan dituzten herritarrek jarraitu beharreko gomendioak azaldu ditu prentsaurrekoan. "Kaltetuek kalteak ondo dokumentatzea da egin behar duten lehen gomendioa. Argazkiak atera, kalteak azaldu, kokapena zehaztu eta asegurua duen ala ez azalduz, besteak beste. Funtsezkoa da ahal den informazio guztia batzea".
Asegururen bat dutenek hari pasa beharko diote informazio guztia. Bestalde, legeak jasotzen duen moduan, metro koadroko 90 litro ur baino gehiago bota zituenez, aseguratu gabekoek ere badute kalte-ordainak eskatzeko eskubidea, aseguru partzuergoen bitartez. Errenta baxuko bizilagunek bakarrik egin dezakete baina eskaera hori (Udalean). Partzuergoak Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernura aurkeztuko lituzke gero laguntza eskaerak. Diru laguntzak jasotzeko aukera ireki berri du, hain justu, Espainiako Gobernuak. Hilabeteko epea dago laguntzak jasotzeko.
Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariekin batzar bat eduki zuela azaldu du Etxeberriak. Kalteen inguruko informazioa batu zuten lehen bilera batean, eta bigarrengo bileran, berriz, lau eskaera egin zituen Elgoibarko Udalak aipaturiko erakundeen aurrean. "83tik hona Deba ibaian egin diren hobekuntza eta lanek, itxura batean, bere fruituak eman dituztela ikusi dugu joan den asteburuko euriteek erakutsi diguten moduan. Baina, beti gerta daitezke ezustekoak. Kasu honetan, esaterako, orain astebete eginiko euri zaparrada funtsezkoa izan zen kalte handiagoak ez izateko. Hark salbatu gaitu". Alkatearen esanetan, kalte handienak jaso dituen landa ingurunean egin behar dira orain hobekuntzak eta mantenu lanak, eta horixe da erakundeen aurrean aurkeztu duten lehen eskaera. "1988ko ufalek, eta asteburuko euriteek, erakutsi diguten moduan, arriskua ez dator Deba ibaitik bakarrik, landa inguruetako errekastoak, bideak eta kanalizazioak zaindu behar dira", gaineratu du. Egon daitezkeen laguntzak eskatzeko bitartekari lanak egiteko ere eskatu dio Elgoibarko alkateak Foru Aldundiari. Ildo beretik, Udalak landa inguruetako kalteak konpontzeko diru asko gastatu beharko duela aurreikusiz, eta krisi ekonomiko egoeran gaudela kontutan hartuz, Foru Aldundiari diru publikoa itzultzeko betebeharra biguntzeko eskatu dio Udalak Aldundiari. "Gisa honetako ezusteko gastuetarako diru gehiago edukiko genuke horrela", dio alkateak.
Azkenik,garaje, baxu eta komertzioen jabeei ura ateratzeko erabiltzen diren ur-ponpak eskuratzeko gomendioa luzatu die Etxeberriak. "Garaje batzuk badituzte eta erabili dituzte horrelako ur-ponpak, baina ur kantitate handiegiak ateratzeko ez direla gai ikusi da".