Gizonezko baten gorpua aurkitu dute Mendaron, Deba ibaian

elgoibarren.net 2011ko aza. 14a, 15:01

 
40-50 urte bitarteko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten atzo (azaroak 13) Mendaron, Deba ibaian. Txirrindulari batek ikusi zuen hilotza errepidetik, eta Ertzaintzara deitu zuen. Oraindik ez dute gorpua identifikatu, eta ikerketa zabalik dago. Ertzaintzaren hasierako hipotesiaren arabera, joan den asteburuko euriteen eraginez iritsiko zen Mendarora.



 Goizeko 11:00ak aldera aurkitu zuen N634 errepidean zehar zihoan txirrindulari batek hilotza. Ibai ertzean zerbait arraroa sumatu zuen, landare artean, eta hurbildu zenean gizonezko baten gorpua zela konturatu zen. Lizaranzu baserritik gertu zegoen hilotza, trenbidearen azpiko aldean. Ertzantzako agenteek emandako datuen arabera, 40-50 urte inguruko gizonezkoa da, baina oraindik ez dute hildakoa identifikatu. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du hildakoa nor zen eta nola hil ote zen jakiteko. Oraingoz hipotesi guztiak zabalik ditu eta ez du baztertzean joan den asteburuko uholdeek gorpua haraino eraman izana.

 Forenseak egin zuen gorpuaren lehenengo analisia, eta haren arabera, hainbat egun zeramatzan gizonezkoak hilda. Gorpua biluzik zegoen, eta inguruan harenak izan zitezkeen jantzi batzuk aurkitu zituzten. Gorpua Donostiako Instituto Forensera eraman zuten, eta gaur egingo diote autopsia.