Bi igogailurekin batuko dituzte Gabriel Krutzelaegi eta Pedro Muguruza kaleak

elgoibarren.net 2011ko aza. 15a, 00:16

 
Gabriel Krutzelaegi kalea eta Pedro Muguruza etorbidea elkarrengandik gertu dauden arren, bien erditik pasatzen den trenbideak asko zailtzen du batetik besterako joan-etorria. Trenbidea gainditzeko bi igogailu eta pasabide bat eraikitzeko lanak aurki hasiko dituztela aurreratu du Elgoibarko Udalak. Bestalde, Gabriel Krutzelaegi kalea eta Albitxurirako sarrera elkartuko dituen bidea amaitzen dutenean, herri barruko trafikoan aldaketak egitea aztertzen ari da Udala.


 Urruzunon eraiki dituzten etxeak, Babes Ofizialekoak batzuk eta sustapen askekoak, besteak, ia amaituta daude. Sustapen askeko etxebizitza gehiago egitea aurreikusten bazuten ere, ekonomi krisia eta eskaeraren beherakada medio, bloke bakarra eraikiko dute momentuz.
Euskotrenen baimenaren zain
 Udalarekin hitzartutakoa betez, oinezkoentzako pasabide bat egitea dagokio orain enpresa etxegileari. Oinezkoentzako pasabideak Pedro Muguruza eta Gabriel Krutzelaegi kaleak batuko ditu. Hasiera baten, lurrazpitik egitea aztertu zuten arren, trenbidearen gainetik erakiko dute azkenean, segurtasun handiagoa izango duelakoan, eta bi igogailu izango ditu alde banatan. Hitzarmenaren arabera, hil honetan hasi beharko dituzte pasabidea egiteko lanak, eta horiek egiteko, gehienez ere, bost hilabeteko epea izango dute. Dena dela, Euskotrenek obrak hasteko baimena emateko zain daudela jakinarazi du Ricardo Garate Hirigintza arduradunak. Gabriel Krutzelaegi kalean dauden zerbitzu eta ekipamenduak, hala nola, Ekin, Lanbide, Gaztelekua eta Ludoteka herrigunera gerturatuko ditu pasabide berriak, horietara joateko itzuli handi samarra eman behar baita egun.
Aldaketak trafikoan
  Urruzunoko
etxebizitza berriak eraikitzeko lanak amaitzen dituztenean, eta Iñiguez Karkizanoko etxebizitzen aurrean falta den bide zatia egin eta gero -bertan amaitzen da gaur egun autoentzako errepidea-, Gabriel Krutzelaegi eta Iñiguez Karkizano kaleak Melitongo zubiarekin lotuta geratuko dira. Honek herri barruko trafikoan aldaketak egiteko aukera ematen du. Izan ere, N-634 errepidera irten gabe herribarrutik ibiltzeko aukera eskainiko luke, besteak beste, bide berriak.
Alderantzizko noranzkoak P.Muguruza eta G. Krutzelaegi kaleetan
 Aukera ezberdinen artean, Pedro Muguruza kalearen noranzkoa aldatzea aztertzen ari direla aurreratu du Ricardo Garatek. "Gaur egun daukanaren alderantzizko norazkoa edukiko luke", argitu du. Gabriel Krutzelaegi kalea ere noranzko bakarrekoa izango litzateke. Gauzak horrela, Madalatik Elgoibar Ikastolara joateko, adibidez, Ermuaran Bide kaletik hasten den aldapa igo beharko litzateke, baina berriz herrira bueltatzeko aurrera jarraitu beharko litzateke, Gabriel Krutzealaegi eta Iñiguez Karkizano kaleak zeharkatuz. Urruzunoko etxe berrien parean, trenbidea azpitik pasa eta Pedro Muguruza etorbidean gora Madalara itzuli arte. Aukera horren alde eginez gero, aipaturiko kale horietan dauden hainbat aparkalekutako marrak norabidez aldatu beharko lituzkete, beste eragozpen batzuen artean. Dena dela, oraingoz "aukera bat" besterik ez dela azpimarratu du Hirigintzako zinegotziak.

Pedro Muguruza kalearen noranzkoa aldatzea aztertzen ari dira.

Ibilgaulentzat Karkizanoko etxeen aurrean amaitzen den bidea luzatu nahi dute.

Urruzunoko etxe berriak.