Deban batu zen boluntario talde handiena, 30 lagunek osatua. Elgoibarren 16 boluntariok jardun zuten garbiketan, horien artean Gazte Asanbladako zenbait kidek. Mendaron, berriz, Ikastola parean dagoen gunea garbitu zuten 13 lagunen artean. Bitxikeria modura, Tekniker enpresako lau langile italiarrek eta holandarrek parte hartu zuten Mendaroko taldean.
Eskularru eta zabor-poltsak hartuta, hiru orduz jardun zuten ibaian aurkitutako hondakinak jasotzen: plastikozko botila eta bilgarriak, gurpilak… Debako boluntarioek bizikleta zahar bat ere jaso zuten. Guztira, 150 poltsa bete zituzten.
Debegesak boluntario horien guztien laguntza eta parte-hartzea eskertu nahi du eta datorren urtean berriro ibaiaren garbiketan parte hartzeko gonbita luzatu nahi die. Datorren igandean, hilak 20, Eibar, Ermua, Mallabia eta Soraluzeko herritarren txanda izango da. Ibai Lagun programaren barruan kokatzen diren gisa honetako esperientziekin, ibaian pilatzen diren hondakinen inguruko sentsibilizazioa egin nahi du Debegesako garapen jasangarriko departamentuak.
Landare inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina
Ibaiak garbitzeko kanpainarekin batera, ibaietako ertzak inbaditzen dituzten espezieak identifikatu eta desagerrarazteko asmoa ere badu Debegesa garapen agentziak. Hala, hiru dira desagerrarazi nahi dituzten landare inbaditzaileak: Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta Fallopia japonica. Landareon argazkiak www.debegesa.com webgunean ikus daitezke, nolakoak diren jakin ahal izateko.
Landare horietakoren bat identifikatzen duten herritarrek Debegesarekin harremanetan jarri beharko dute, non dagoen esateko. Horretarako, 943 820 110 telefono zenbakira deitu edo riodeba@debegesa.com e-postara mezu elektroniko bat bidali beharko dute.
Ibai Lagun izeneko ekimenean parte hartzen duten pertsona guztiek, bai boluntarioek, bai espezie inbaditzaileak identifikatzen dituztenek, mendiko GPS baten eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen eskutik bi pertsonentzako Flyscha ikusteko bisitaren zozketan parte hartuko dute.
*Argazkiak gehiago hemen