Hainbat lapurreta izan dira azken egunetan Elgoibarren

elgoibarren.net 2011ko aza. 16a, 16:45

Era askotarikoak izan dira azken aldian Elgoibarren egin dituzten lapurretak eta lapurreta saiakerak. Joan den astean San Roken aparkatuta zeuden hiru autotan lapurtzen saiatu ziren. Martitzen goizaldean, bestalde, udaltzainek hiru lagun atxilotu zituzten ustez denda batean lapurreta egitera zihoazen unean. Indarkeria erabili zutela-eta, zapatuan gertatu zen gertakari larriena. Hamahiru urteko gaztetxo bati mugikorra ostu eta muturreko bat eman zion erasotzaileak.


 Burua estalita zuten bi lagunek, labana batekin mehatxatu ostean, soinean zeramaten guztia ostu zioten 17-18 urteko bikote bati, joan den zapatuan (azaroak 12). Udaltzaingoko iturrien arabera, Gabriel Krutzelaegi kalean jazo zen gertakaria, 19:00ak aldera. Dirua, argazki kamera eta mugikorrak ostu zizkieten. Handik alde egin zuenean, ordura arte lapurtutakoarekin konforme ez, eta bidean topatu zituen 13 urteko beste bi gazte mehatxatu zituen lapurretako batek. Ordua eskatzeko aitzakiarekin mugikorra poltsikotik atera zuenean ostu zion aparailua. Gero, muturreko bat eman zion sudurrean 13 urteko mutikoari. Udaltzainek jasotako testigantzen arabera, "18 eta 21 urte artean" izan ditzakete lapurrek. Erasotzailea nor izan zen identifikatzen saiatu ziren arren, ez zuten atzematerik lortu. Haurraren gurasoek salaketa jarri dute Udaltzaingoan.
 
Hiru atxilotu lapurreta saiakeragatik
San Bartolome kaleko atari batetik denda batera sartzen saiatzen ari zirenean atxilotu zituzten udaltzainek hiru lagun; bi gizonezko eta emakumezko bat, martitzen goizaldean, 00:40ak aldera. Atera zuten zaratarekin kezkatuta Udaltzaingora deitu zuten bizilagunei esker bertaratu ziren udaltzainak eta dendara sartzeko asmotan zebiltzanean atxilotu zituzten.

Autotan lapurretak
Azkenik, joan den asteko eguenetik barixakura bitartean, San Roke auzoan aparkatuta zeuden hiru autotan osten saiatu ziren. Auto barruetan ez zegoela baliozko gauzarik jakinarazi dute Udaltzaingotik, baina barrura sartu ahal izateko kristalak apurtu zituzten ustezko lapurrek. Beheko argazkietan eta goikoan ikus dezakezue autoetako batean egin zituzten kalteak.

1706638658542 Hainbat lapurreta izan dira azken egunetan Elgoibarren

1706638658610 Hainbat lapurreta izan dira azken egunetan Elgoibarren

 
 
Lotura duten albisteak: