Hamar talde eta 230.000 euroko aurrekontua dauka aurten CD Elgoibarrek

elgoibarren.net 2011ko aza. 18a, 16:14

Aurtengo denboraldirako helburu lorgarriak jarri ditu CD Elgoibarrek, eta momentuz, "pozik" daude emaitzekin. Juan Martin Molins presidentearen arabera, taldeak, oro har, ondo ari dira euren eginbeharrak betetzen, baina Haundi (ondoko argazkian) "une gogor bat" pasatzen ari da. Hamar talde eta 230.000 euroko aurrekontua dauka aurten CD Elgoibarrek. (taldeen argazkiak dauzka)


 Hirugarren Mailan diharduen Haundi da CD Elgoibarko talde gorena. Igor Gordobil durangarrak entrenatutako taldeak denboraldia oso ondo hasi zuen, baina azken jardunaldietan ez du puntu askorik lortu, eta beheko postuetan dago. Hala ere, itxaropentsu daude zuzendaritzako kideak, eta ez dute uste Hirugarren Mailari eusteko arazorik izango duenik. Horixe da aurtengorako erronka, alegia, mailari euste. Hirugarren Maila oso lehiakorra dela uste du Molinsek: "ez da erraza Hirugarren Mailan lehiatzea, izan ere, Bizkaia aldean talde oso gogorrak daude, eta gainera, diru askoz gehiago daukate". Hori dela eta, Elgoibarko jokalari asko joaten direla Bizkaiko taldeetara jokatzera azaldu du, eta Haundik honenbestez, ia urtero talde berria osatu behar izaten du. Molins berak esan bezala, "CD Elgoibarrek ezin ditu jokalariak diruz lotu, baina bai sentimenduz. Kategoria honetan ez dago Haundik daukana moduko aldagelarik: Jokalari guztiak primeran konpontzen dira, eta emaitzak nahi bezalako onak izan ez arren, giroa bikaina da Haundiren aldagelan".

Hamar talde

  CD elgoibarrek hamar talde dauzka 2011-2012 denboraldian. Aurtengo berrikuntza handiena nesken taldea izan da, eta kluba oso pozik dago talde hori berreskuratu izanaz. aurreko urtean Debako amaikak Bat taldera bideratu zituzten zenbait neska Elgoibarren ez zelako talderik osatu, baina aurten, nesken ekinez jokoan dihardute berriro. 10 urtetik aurrera, adin guztietako jokalariak ditu klubak: futbol estola, alebinak, infantil txikiak, ohorezko infantilak, kadeteak (bi talde), jubenilak, senior neskak, erregionala eta Haundi. (argazkiak beherago)

500 bazkide
  Azkenaldian bazkide kopuruak behera egin du, eta une honetan 500 bazkide ditu CD Elgoibarrek. Bazkide bakoitzak 80 euroko kuota ordaintzen du urtean, baina presidenteak esandakoaren arabera, badaude oraindik kuota hori ordaindu ez dutenak, eta horiei Mintxetako bulegotik pasatzeko eskaera egin die.

230.000 euroko aurrekontua
  230.000 euroko aurrekontua dauka klubak, baina krisiak eragin nabarmena izan du klub zurigorrian. Publizitatetik lortzen du klubak aurrekontuaren zatirik garrantzitsuenetarikoa, baina azken urteetan izugarri jaitsi dira publizitate sarrerak. Lehen 80.000 euro inguru lortzen zituzten denboraldiko, eta aurten erdia lortzea aurreikusi dute.

Mintxeta, dotorea baina hotza
  Hirugarren mailako futbol zelairik dotoreena da Mintxeta, eta harro esan du hori Molinsek. Hala ere, azken urteetan txiki geratu dela adierazi du, eta egun batzuetan 40 ume aldagela batean moldatu behar izaten direla azaldu du. Dena den, ez da hori Mintxetak daukan arazorik nagusiena. Futbol zelai dotorea, baina hotza da Mintxeta. Gogoan dauka Molinsek Lerun zaharra, eta Mintxetak ez dauka harekin zerikusirik. Harmailak zelaitik urrun geratzen
dira, eta jokalariek ez dute zaleen berotasuna igartzen. ìLerunen herritar guztiak gainean geneuzkan, eta hori oso polita zenî.

  • Irakurri hemen: BARREN astekariak, 803. zenbakian, Juan Martin Molins klubeko presidenteari egin dion elkarrizketa PDFan.

Taldeen argazkiak:

Alebinak.

Infantil txiki.


Infantilak.

Kadeteak (A)

Kadeteak (B)

Jubenilak.

Senior neskak.

Ohorezko erregionala.