Demokrazia ezarri zenetik estreinakoz izan da bozkatuena EAJ ez den alderdi bat hauteskundeetan Elgoibarren. Amaiur koalizioak lortu du, 2008ko Espainiako Hauteskundeetan PSE-EE (PSOE) lortzeko zorian egon zena. Jeltzaleek baino 126 boto gehiago lortu ditu koalizio independentistak. EAJk 2008an baino 71 boto gutxiago jaso ditu gaur.
PSE-EE (PSOE) alderdiak izan du beherakadarik nabarmenena, Elgoibarren ere Espainiako joera errepikatu da. Hala, alderdi sozialistak 2008an baino 760 boto gutxiago jaso ditu. Ezker Batuak ere 108 boto gutxiago jaso ditu. PPk, bestalde, 2008ko emaitza bertsuak lortu ditu, eta bera izan da 2008an baino boto gehiago jaso dituen alderdi bakarra, 20 boto gehiago, alegia.
•Abstentzioak behera
Hauteskunde Orokorretan 6.134 herritarrek eman dute botoa Elgoibarren. Abstentzioa, hortaz, jaitsi egin da. 2008ko hauteskunde orokorretan %36,26koa izan zen eta orain %30,84koa izan da. Era berean, joan den maiatzeko Udal Hauteskundeetan (ikusi emaitzak PDFan) baino lagun gehiagok eman dute botoa Espainiako Hauteskunde Orokorretan. Maiatzeko Udal Hauteskundeetan 5.846 lagunek eman zuten botoa eta gaur 6.134 lagunek bozkatu dute.
•Amaiur irabazle Mendaron
Mendaron ere Amaiur izan da alderdirik bozkatuena 379 botorekin, hau da, EAJk baino 90 boto gehiago. EAJk 2008ko Espainiako Hauteskundeetan baino 80 boto gutxiago lortu ditu. Beherakada handiena jasan duena, baina, alderdi sozialista izan da, 2008an baino 118 boto jaso ditu-eta.
•Datu orokorrak (Mendaro)
- Zenbatutakoak: 951
- Abstentzioak: 517
- Baliogabeak: 4
- Zuriak: 13
∞Lotura duten albisteak:
- PPk gehiengo osoa lortu du eta PSOEk, hondoa jo (eitb.com)
- Mariano Raxoi izango da Espainiako presidente, gehiengo osoz (berria.info)
- Hego Euskal Herriko udalerri guztietako boto-zenbaketa zuzenean Sustatun (sustatu.com)