Udalak 262.000 euroko kalteak zenbatu ditu azken euriteen ondoren

elgoibarren.net 2011ko aza. 23a, 15:03

 
Joan den azaroaren 5eko eta 6ko euriteek kalte handiak eragin zituzten Elgoibarren, herri-lurretan eta, batez ere, baserri-bideetan. Elgoibarko Udalak dagoeneko zenbatu ditu jabetza publikoko kalteak eta guztiak konpontzeko 262.000 euro inguru beharko dituela jakinarazi du.

 
 
 

 Landa inguruan eragin zituzten kalterik handienak azaro hasierako euriteek Elgoibarren. Kalteak jasan dituztenek Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzan, Donostian, aurkeztu beharko dituzte diru laguntza eskaerak, abenduaren 7a baino lehen, Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak jakinarazitakoaren arabera.
 Erabilera publikoko baserri bideetan izandako kalteak konpontzeko diru laguntza eskaerak, berriz, Udalean aurkeztu beharko dira. Era berean, jabetza pribatuan edo jarduera ekonomikoan izandako kalteetarako, Debemenera bideratu behar dira laguntza eskaerak, abenduaren 5erako. Autoetan izandako kalteak ez direla sartzen azpimarratu dute Udaletik.

  Premia handiena zuten kalteak konpontzeko 12.000 euro gastatu dituztela jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Horiez gain, erabilera publikoko baserri bideetan egon diren kalteak konpontzeko, batez ere, beste 250.000 euro beharko dituztela kalkulatzen dute Udal arduradunek.