Kontsumo iraunkorraren aldeko mezua zabaltzeko eta ezagutarazteko bigarren urtez antolatu zuten ferian hainbat postu egon ziren ikusgai Leku-Eder parkean. Herri Eskolako eta Elgoibar Ikastolako ikasleek, esate baterako, bigarren eskuko produktuak (liburuak, jostailuak, apaingarriak,eskola materialak, e.a) saldu zituzten. Miski Gobernuz Kanpoko Erakundeak, berriz, Cusco inguruko artisau-lanak eta Udalak Elgoibar Berdea programaren baitan prestatu dituen erosketa-poltsak saldu zituen. Gemma Agirregomezkortak esandakoaren arabera poltsa dezente saldu zituen zapatuan. Jasotako dirua, Miskik Perun egiten diharduen lankidetza lanetarako izango da. Oraindik ere bada poltsak erosteko aukerarik. Gemma Agirregomezkorta berak salduko ditu, Gabonak bitartean, 0,50 eurotan. Bestalde, Parrokiko Misio Taldeak jarritako postuaren bueltan ere jende dezente ibili zen.
Plaza Txikian, bestalde, landareak eta baserriko lanabesak saltzeko postuak eta abere erakusketa egon ziren. Nafarroa plazan, azkenik, herriko baserritarren saltokiak jarri ziren, eta baita txosna bat ere. Bertan, Elgoibarko Izarra elkarteak, edariak eta herriko produktuekin prestatutako pintxoak (txerri masaiak barazki saltsan, Idiazabal gazta, menbrillo eta intxaur birrinduekin, eta txorizo egosia) saldu zituen. Pintxoek arrakasta izan zuten eta prestatutako denak saldu zituztela jakinarazi dute Elgoibarko Izarrako kideek.
Hurrengo feria Gabon Zahar Feria izango da, abenduaren 31n.
•Argazkiak:(ikusi guztiak Picasako kontuan)