Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria, ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duena. Ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da, hortaz. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluazioari dagokionez, EMEk lau ardatz ditu: Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa.
•Maila gorenekoa
Bikain ziurtagiriak 2008an banatu ziren estreinakoz. Hiru maila ditu Bikainek, eta hiru kolore: beltza, zilarra eta urrea. Guztira 1000 puntu lor daitezke (%100eko betetze-maila): Beltza: oinarrizko maila, Zilarra: tarteko maila eta Urrea: goi maila. Estreinako edizioan, Elgoibarko bi erakundek, Danobat enpresak (Danobat Koop. E.) eta IMH ikastetxeak, jaso zituzten Zilarrezko Bikain ziurtagiriak.
2011n Bikain Kanpo-Ebaluazioa jaso duten 19 erakundeetatik, 7k oinarrizko maila egiaztatu dute (200-399 puntu artean), beste 7k tartekoa edo zilarrezkoa (400-699) eta 5ek goi-maila edo urrezkoa (700-1000 puntu). Azken horien artean dago Elgoibar Ikastola, orain arte puntuazio altuena lortu duen Elgoibarko erakundea. Mendaro Ospitalak, berriz, Zilarrezko Bikain ziurtagiria eskuratu du.
2011n ebaluatutako erakundeei ziurtagiriak emateko ekitaldira azaroaren 30ean egin zen Bilboko Guggenheim Museoan (ikus beheko argazkiak). 2011n ziurtagiria jaso duten erakundeak eta parte hartu duten ebaluatzaileen izenak ikusteko, sartu hemen: euskallit.net