Katxiporreta pailazo taldearen ikuskizun berria, Zazpikoloroa, Elgoibarko Udalaren eskutik helduko da Elgoibarrera, abenduaren 30ean (barixakua). Udaleko Gazteria sailetik jakinarazitakoaren arabera, sarrerak 8 eurotan salduko dira aurrez, abenduaren 12tik aurrera, Kutxaren bitartez (telefonoz eta internetez). Aurten ez da leihatilan sarrerak hartzeko aukerarik egongo, hortaz, bai telefonoz, bai Internetez erositako sarrerak Kutxako makinetan jaso beharko dira, erosi diren txartelarekin. Telefonoz erostean 0,80 €-ko komisioa ordaindu beharko da, aldiz, internetez erostean 0,70 €-koa. Sarrera guztiak agortu ezean, egunean bertan jarriko dira salgai Kiroldegian, 15:00etatik aurrera. Kiroldegiko leihatilan erositako sarrerek ez dute komisiorik izango.
•“Zazpikoloroa” (sinopsia)
Pirritx, Porrotx eta Marimotots Irriaren Hirira gonbidatu dituzte, Zazpikoloroaren Festara. Usadioak dioenez, biharamun goizean jaioko da Zazpikoloro berria: urte osoan zehar mundua koloreztatuko duen hegazti miragarria. Gauaren erdian, ordea, Belekoi Andere zuri-beltz eta gaiztoa azalduko da, eta Zazpikoloroaren arrautza bahituko du. Patakon gidari dutela, eguna argitu aurretik aurkitu beharko dute arrautza pailazoek. Lortuko ahal dute Zazpikoloroa askatu eta munduaren koloreak babestea!