Lizaso eta Egaña bertsotan beharrean trontza apustuan arituko dira Kontzezio Azokan

elgoibarren.net 2011ko abe. 1a, 09:32

 
Herri kirol jaialdi handia antolatu du Mendaroko Udalak Kontzezio azokarako, abenduaren 10ean. Esteban Elorza Kortaberri eta Agustin Larrañaga Agarretxiki trontzalariak omenduko dituzte bertan, baina zeresan eta ikusmin handiena Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek trontzan egingo duten apustuak sortuko du, ziurrenik. Lizasorekin bikote egingo duen Mendaroko alkateak, Sonia Garciak, kontatu digu apustua nondik nora datorren.


 Mendaro askotan zapaldu duten plaza da Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolari ezagunentzat. Abenduaren 10ean ere Mendaroko plazan dute zita, baina ez dira ohi duten moduan bertsotan arituko, trontzan baizik. Izan ere, bertsoak albo batera utzita, trontza apustua egingo dute Kontzezio Azokaren barruan antolatu duten herri kirol jaialdian. Bertsolariek baina ez dute bakarrik jardungo: Sonia Garcia Mendaroko alkatea izango da Lizasoren bikotea, eta Toki Alai jatetxeko Nerea Arebalo, berriz, Egañarena. Galtzaileek bazkaria ordaindu beharko diete irabazleei.
Apustu baten kronika
Apustuaren gaia Santana jaietan bertsotan ari zirela irten zela estreinakoz azaldu du Sonia Garciak. “Egaña 15 bat urtean hutsik egin gabe etorri izan da Santa Ana Egunean bertsotan egitera, eta Lizasok ere ia beste horrenbeste urte egingo zituen. Azkenengoz etorri zirenean, herri kirolen jaialdia ikusten ari ginela, trontza kontuez hitz egin nuen Lizasorekin. Trinitate jaietan eta Santa Isabeletan trontzan jardun genuela jendaurrean kontatu nion. Gure elkarrizketan sartu zen orduan Nerea (Arebalo) eta trontzan apustu bat egin beharko genukeela bota zion Lizasori. Gutxi gorabehera honelakoa izan zen gure arteko elkarrizketa:
-Apustua egin beharko genuke trontzan. Esan zuen Nerea Arebalok.
-Non? Erantzun zuen Lizasok.
-Plaza erdian. Bota zion Nereak.
-Ez -esan nuen nik-, Mendaroko Azoka egunean egingo dugu.
-Ondo da, eta nik norekin egingo dut bikote? Galdetu zuen Nereak.
-Hor datorren horrekin! (Egañaz). Amaitu zuen Lizasok.
Hor geratu zen dena. Txantxetan ari zirela uste genuen, baina Lasturko jaietan Lizasorekin topo egin nuen eta trontza apustuaren gaia atera zidan berriz. Bistakoa da hitzeko gizona dela. Hortaz, apustua egin behar zela erabaki genuen”. Kontzezio Egunean ikusiko da nor den gehiago trontzan.

Herri kirol jaialdia eta omenaldia

Herri kirol jaialdiaren kartela.

Herri kirolak izango dira protagonista nagusiak aurtengo azokan. Gainera, ekitaldi horretan Esteban Kortaberri eta Agustin Agarretxiki omenduko ditu Udalak. Ondoren Donato Larretxea, Angel Arrospide, Ugaitz Mugertza eta Fausto Mugertza aizkolarien erakustaldia egongo da. Jarraian, trontzalarien txanda izango da. Sei bikote arituko dira trontzan: Larreatarrak (Julian, Armando eta Julen); Pabi Astondoa eta Santos Intxaurbe; Pedro Alkorta Doistu eta Jose Mari Egaña Ilunbe; Arana anaiak (Arkaitz eta Oier); Ibai Arana eta Jon Loiola eta Unai Salegi Sarobe eta Andoni Zubiaurre Gorixo. Gero, lokots biltzen jardungo dute Jon Larrañaga –Euskal Herriko txapelduna-, Igor Rey eta Gotzon Zulaika mendaroarrek. Azkenik, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV harrijasotzaileek erakustaldia eskainiko dute. 12:30etan hasiko dira herri kirolak Goñati pilotalekuan.

1706638629062 Lizaso eta Egaña bertsotan beharrean trontza apustuan arituko dira Kontzezio Azokan

Hamazazpi postu
Herri kirol jaialdiaz gainera, barazki eta ganadu feria egingo dute, urtero legez, Kontzezio Azokan. 9:30ean hasiko da azoka, eta Mendaroko baserritarrez gain inguruko herrietakoak ere etorriko dira euren produktuak erakutsi eta saltzera. Guztira hamazazpi postu egongo dira. Sagardo dastaketa eta lehiaketa egingo dituzte 11:00etan, umeentzako poniak egongo dira eta trikitxa dantza taldekoek kalejira egingo dute. Baserritar jantzi dotoreenari, baso txukunenari, erosketa zozketa eta sagardo onenari sariak ere banatuko dituzte eta 18:00etatik aurrera erromeria egongo da Xero Xiette taldearen eskutik.
 
•Bideoa: 2010eko kontzezio azoka (Ikusi hemen: 2010eko eta 2009ko Kontzezio azoketako kronikak eta argazkiak)
{vimeo}17637499{/vimeo}
Barixakuan bertso saioa
  Kontzezio Azokaren harira, bertso saioa antolatu dute hilaren 9rako. Alaia Martin, Amets Arzallus, Arkaitz Estibalees eta Miren Amuriza arituko dira bertsotan, San Agustin kulturgunean, eta Aitzol Urain mendaroarrak egingo ditu gai jartzaile lanak. Saioa 21:30ean hasiko da, eta sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira, bost eurotan.