Omenaldi beroa jaso zuten Kortaberrik eta Agarretxikik Kontzezio azokan

elgoibarren.net 2011ko abe. 12a, 14:41

Bi aldiz Euskal Herriko txapela irabazitako Esteban Elorza Kortaberri eta Agustin Larrañaga Agarretxiki trontzalari ohiak omendu zituzten, joan den zapatuan, Mendaroko Kontzezio azokaren barruan antolatu zuten herri kirol jaialdian. Goñati pilotalekua jendez gainezka egon zen, eta ikusmin handiena Lizaso eta Egaña bertsolarien arteko trontza apustuak sortu zuen. Lizasok eta Mendaroko alkate Sonia Garciak osatutako bikoteak irabazi zuen dema. (argazkiak dauzka)


Lizaso eta Garcia nagusi, trontza apustuan

Sonia Garcia eta Sebastian Lizaso, Kortaberriren begiradapean, ahalegin betean.

Idi proben itzulera izan zen nobedade nagusia iazko Kontzezio Azokan. Aurten, berriz, Esteban Elorza Kortaberri eta Agustin Larrañaga Agarretxiki trontzalari ohiak omentzeko Mendaroko Udalak antolatu zuen herri kirol jaialdiak eman du zeresana. Harri-jasotzaileek, aizkolariek eta trontzalari profesionalek parte hartu zuten bertan, 27 kirolarik orotara. Ikusmin handiena, baina, kirolari gisa baino beste alor batzuetan aritzeagatik ezagunak diren lau lagunen arteko trontza apustuak sortu zuen. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak, Sonia Garcia, Mendaroko alkatea, eta Toki Alai jatetxeko Nerea Arebalo lagun zituztela egin zuten apustuak, alegia.
 Lizasok eta Sonia Garciak moztu zituzten azkarrago hiru enbor zatiak, eta, ondorioz, Egañak eta Nerea Arebalok ordaindu behar izan zuten bazkaria, horixe zen-eta jokoan jarri zutena. Lau protagonistak etxeko lanak eginda eta ondo prestatuta agertu ziren plazara. Izan ere, Agustin Larrañagaren baserrian egin dituzte entrenamenduak, bi omenduen begiradapean eta haien aholkuak jarraituz. Apustuan bertan ere botillero lanetan jardun zuten Agarretxikik eta Kortaberrik. Julian Larrea 82 urteko Bizkaiko herri kirolariak ere parte hartu zuen jaialdian, bere ilobarekin trontza saioan bikote eginez, eta horiek ere bereganatu zuten ikusleen arreta.

Sagardo lehiaketa Petritegirentzat
 Herri kirolez gain, baserriko produktuak ikusteko, erosteko eta dastatzeko aukera izan zuten Kontzezio azokara hurbildu ziren lagunek. Guztira 17 postu jarri zituzten eta Mendaroko baserrietako eta inguruko herrietatik hurbildutako baserritarren produktuak egon ziren horietan. Sagardo dastaketa eta lehiaketa ere egin zituzten, eta Astigarragako Petritegi sagardotegiak aurkeztutako sagardoak irabazi zuen lehiaketa. Baserritar jantzi dotoreenari urtero ematen zaion saria, berriz, Igor Ezenarrok eta Amagoia Zabalak irabazi zuten. Azkenik, Mendaroko basorik txukunenari ematen zaion saria Kareaga baserriak eskuratu zuen.
 Kirolari mendaroarrek ere parte hartu zuten herri kirol jaialdian. Unai Salegi Sarubek eta Andoni Zubiaurre Gorixok trontzan jardun zuten eta Jon Larrañagak, Gotzon Zulaikak eta Igor Reyk, bestalde, lokotx biltze proban. Euskal Herriko txapeldunak, Jon Larrañagak, amaitu zituen lanak azkarren, Zulaika eta Reyren aurretik.
  Argazkiak:

Esteban Elorza Kortaberrik eta Agustin Larrañaga Agarretxikik omenaldi hunkigarria jaso zuten.

 

Omenduek Egañaren eta Lizasoren bertsoak entzun zituzten.

Trontzan egiten ez zaiela ahaztu erakutsi zuten omenduek.

Julian Larrea, 82 urteko kirolaria ilobarekin trontzan.

Sarobe eta Gorixo mendaroarrak lanean.

1706638627943 Omenaldi beroa jaso zuten Kortaberrik eta Agarretxikik Kontzezio azokan

1706638628042 Omenaldi beroa jaso zuten Kortaberrik eta Agarretxikik Kontzezio azokan