Euskarazko produktuen katalogoaren 2.000 ale banatuko ditu Udalak

elgoibarren.net 2011ko abe. 13a, 10:11

 
Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria kaleratu du Elgoibarko Udalak. Hurrengo egunotan katalogoaren 2.000 ale banatuko dituzte herrian, etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten.

 
 

 
 Urte garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria kaleratu du Elgoibarko Udalak, Euskal Herriko 135 toki erakunderekin batera. Aipatzekoa da, guztira, 200 udal baino gehiago izan direla ekimen honetan parte hartu dutenak.

  Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu katalogoaren aurtengo edizioak: musika, DVD filmak, informatika, aldizkariak, liburuak, jostailu eta jokoak, gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egiten da. Urtero bezala, kanpaina honen bidez, hizkuntzaren transmisioan eragin nahi da, gurasoei euren seme-alabentzat lagungarri izango diren euskarazko produktuen berri emanez.

Katalogoaren 2.000 ale
  Hurrengo egunotan katalogoaren 2.000 ale banatuko dira gure herrian: gehienak, herriko ikastetxeen bitartez, baina baita euskaltegietan, liburutegian eta jostailu eta liburu dendetan ere. Euskal Herri osoan, bestalde, katalogoaren 240.000 ale banatuko dira, etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten.
  • Katalogoa sarean kontsultatzeko bi aukera daude: www.katalogoa.org web gunean edota Elgoibarko Udalaren www.elgoibar.org web gunean, hain zuzen, Euskara Sailaren atalean.