Teknifikazio ikastaroa eta txapelketa bat antolatu ditu Sanlok Gabonetarako

elgoibarren.net 2011ko abe. 15a, 14:49

 
Eskubaloiak ez du etenik izango Gabonetan. Sanlo eskubaloi taldeak Gabonetako Txapelketaren laugarren edizioa antolatu du batetik, eta, 2002an jaiotako neska-mutilentzat teknifikazio ikastaroak antolatu ditu bestetik. Unai Arrieta, Reyes Karrere edo Jose Ignacio Altuberen eskutik jasoko dute ikastaroa gaztetxoek. Parte hartzeko abenduaren 19tik 21era eman behar da izena. 


Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeak 2002an jaiotako neska-mutilentzako teknifikazio ikastaroa antolatu du Gabonetako opor egunetan. Olaizaga kiroldegian eskainiko dute ikastaroa, urtarrilaren 3, 4 eta 5ean; 11:00etatik 13:00etara.
Entrenatzaile kualifikatuak
 Entrenatzaile titulu ofiziala duten hiru lagun arduratuko dira teknifikazio ikastaroaz, hirurak ere oso ezagunak eskubaloi munduan.
  1. Unai Arrieta elgoibartarra izango da entrenatzaileetako bat. Sanloko jokalaria izan zen Arrieta gazte mailan eta gero kirol jarduera oparoa izan du eskubaloiaren mailarik gorenean. Arrate, Bidasoa eta Cadagua Galdar taldeetan aritu ostean, Asobal Ligako Naturhouse Ciudad de Logroño taldean dihardu gaur egun.
  2. Reyes Karrere, berriz, jokalari eta entrenatzaile ezagunetarikoa da euskal eskubaloian. Azken 11 urteetan Bera Bera taldeko entrenatzailea izan da eta bi urtetan Mar Sagunto taldea entrenatu zuen Ohorezko Mailan.
  3. Jose Ignacio Altubek ere parte hartuko du teknifikazio saioetan. Atletico Madril, Bidasoa eta Arrate taldeetan aritutakoa da Altube, eta, gaur egun Euskadiko mutilen senior taldeko hautatzailea eta Ereintza eskubaloi taldeko arduradun teknikoa da.
Izena emateko
  Ikastaroan parte hartu nahi duten Debako eta Mendaroko neska-mutilek Sanloko begiraleen laguntza izango dute Elgoibarrera trenez egin beharreko joan etorrietan. Ikastaroan parte hartu ahal izateko 10 euro ordaindu behar dira. Izena emateko epea, abenduaren 19tik 21era izango da, 19:00etatik 20:00etara Olaizaga kiroldegian edota 943 74 89 21 telefonora deituz ordu berean, edo e-posta bat bidaliz elgoibarkosanlo@sanlo.net helbidera. Izena ematerakoan izen-abizenak, herria eta kontakturako telefonoa emateaz ez ahazteko eskatu dute Sanloko arduradunek.

Gabonetako txapelketa
  Duela lau urte hasitako bidetik, alebin mailako eskubaloi taldeek Gabonetako Txapelketa jokatuko dute, abenduaren 27an, Olaizaga Kiroldegian. Goizean mutilen txanda izango da. Hala, 9:20etik aurrera Elgoibarko Eskubaloi Eskolako bi taldeek Eibar Eskubaloia, Bidasoa eta Gasteizko Corazonistas taldeen aurka jokatuko dute. Arratsaldean, berriz, nesken bi taldeek jokatuko dituzte partiduak, 15:30etan hasita. Zarautz, Zuazo (Barakaldo) eta Gasteizko taldeek parte hartuko dute txapelketan, elgoibartarrekin batera. Hamar taldek parte hartuko dute guztira Gabonetako txapelketan, eta hogei partida jokatuko dituzte.